Gasteizko Goya gasolindegiaren etorkizuna argituz doa. Udal gobernuak eta EH Bilduk adostu dute mugikortasun jasangarriaren erreferente izan asmo duen gune bilakatzea gasolindegi izandako eraikina. 21 Zabalgunea elkartearen bileran formalizatuko da erabakia, datorren asteazkenean.
Balio anitzeko espazio gisa proiektatu dute eraikina, eta mugikortasun jasangarria sustatzeko balioko du. Arreta turistikoa eta herritarra eskaintzeko espazioa ere izango da, eta beste hainbat funtzio ere beteko ditu, hala nola, kultura ondareari buruzko laguntza ematea, edo ingurumen arloko heziketa.
Proiektuen lehiaketa bat zabalduko du udalak, eta epaimahai batek hautatuko du egokiena, originaltasunari, kalitateari, jasangarritasunari eta bideragarritasun ekonomiko eta funtzionalari begiratuta. Proiektuek, hori bai, hainbat gauza barnebildu beharko dituzte ezinbestean, Borja Rodriguez 21 Zabalguneko presidentearen esanetan. "Harrera-gunea, informazio- eta arreta-gunea eta lanerako eremua, gehienez 6 bulegorekin eta bilera-gela batekin. Gainera, liburuxkak eta kontsultarako materiala gordetzeko lekua ere izan beharko du”.
Hiru proiektu nabarmenenak hautatuko dituzte lehenik, eta 5.000 euroko saria jasoko dute hauek. Adituen epaimahaiak aukeratuko du finalisten artean irabazlea, eta honek 15.000 euroko saria jasoko du, proiektua gauzatzerakoan jasoko duen ordainsariaren aurrerapen gisa. Udalak guztira 3.509.000 euro inbertituko ditu Goya gasolindegiaren berriketa lanetan.