Arabako foru gobernuak tamaina handiko hondakinak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko zentroaren obrak esleitu ditu gaur. Instalazio berria egiteko aurrekontua sei milioi eurokoa da eta obrak egiteko epea zortzi hilabetekoa. Next Generation funtsen aldetik ia bi milioi euroko dirulaguntza jaso da instalazio horren eraikuntzarako,
Arabarrek baztertzen dituzten bolumen handiko hondakinak jasoko ditu instalazio berriak, hala nola altzariak, alfonbrak, lanparak, koltxoiak eta bolumen handiko bestelako produktuak; eta halaber Arabako garbiguneen sarearekin eta bigarren bizitzarako gelekin lotuta egongo da. Lehen diagnostikoa egin ondoren, konpondu eta salgai jarriko dira produktuak. Merkatuan sartzeko aukerarik ematen ez duten produktuak, berriz, desmuntatu, birrindu eta sailkatu egingo dira, osagaiak errazago birziklatzeko.
Jundizen, Gasteizko konpostaje instalazioaren ondoan eraikiko dute zentro berria, 5.534 metro koadroko azalera edukiko du, eta urtean 6.400 tona tratatzeko aukera emango du. Instalazio berriak plaka fotovoltaikoak izango ditu estalkian, euri ura bilduko du beste erabilera batzuetarako erabiltzeko, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntua izango du.
Arabako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2017-2030eko Planaren azpiegitura programan jasotako ekintzari eta Europako legeriak ezartzen dituen helburuei erantzuten dio obrak.