Tuvisako autobusek eta Alavabusekoek geltokiak partekatzeari utziko diote. Gasteizko Udalak lehiaketa publiko bat zabaldu du sei markesina eta bederatzi zutabe berri jartzeko hirian zehar, eta horiek izango dira Alavabusen geltoki propioak.
Bi autobus zerbitzuek geltoki propioak izateak trafikoa arinduko duela espero dute udalean. Egun, geltoki berdinak erabiltze dituzte Tuvisak eta Alavabusek, baina mugikortasun jasangarriaren bigarren foru planean aurreikusia zegoen jadanik foru garraioak bere geltokiak izatea. 298.962,20 euro eskaini ditu udalak, baina Aldundiak jarriko du dirua.
Markesinetako bat kokatua dago jada, Madril etorbidea eta Heraclio Alfaro kaleen bidegurutzean. Geltoki berri gehiago kokatu beharko ditu kontratua esleitzen zaion enpresak, Zaramaga kalean bat, eta lau Gasteiz etorbidean zehar. Geltoki izango diren zutabeak ere jarriko dira Madril etorbidean, Zumabide eta Zaramaga kaleetan, eta Gaztelako atea eta Zurbaoko atea kaleetan.