TAO arautuko duen ordenantza berrira aurkeztutako alegazioak onartu ditu Gasteizko udal gobernuak; asteazkenean dagokion batzordera igaroko da, eta ostegunean udalbatzak behin betikoz onartuko du. Irailaren 15ean sartuko da ordenantza indarrean.
Alegazio prozesuaren ondoren egindako aldaketa nagusietako bat San Martin auzoarekin lotuta dago; izan ere, bertan TAO eremua beste bost kaletara zabaltzea erabaki dute, Bizilagunen Elkarteak egindako eskaera bati erantzunez. Zehazki, kale hauek gehituko dira: Kalkutako Teresa kalea; Miren Martinez Saez del Burgo, Mediterraneoaren hiribideko 2, 4 eta 6 atariak, Jesusen Bihotzeko Santa Maria Josefa eta Balentin Berriotxoa kalea.
Jarduera komertziala
Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, jendaurrean aurkezteko aldian alegazioak aurkeztu dituzte 13 partikularrek (haietako 8 baietsi dituzte partzialki), 4 enpresa partikularrek (guztiak ezetsi dituzte), San Martin Auzoko Bizilagunen Elkarteak (3 baietsi dituzte partzialki), Gasteiz Onek (1 partzialki baietsi dute, eta 2 ezetsi) eta SEA – Arabako Enpresariak erakundeak (1 partzialki baietsi dute). Guztira, 13 alegazio partzialki baietsi dituzte, eta 11 ezetsi. Azken horietako batzuk, gainera, jatorrizko testuan jasota daudelako ezetsi dira.
Gasteiz Onek aurkeztutako alegazioei esker, ibilgailu mistoei, furgonetei edo 3.000 kiloko karga erabilgarrira arteko kamioiei TAO komertzialaren bereizgarria emateko aukera txertatu da (baldin eta jarduera komertzial bati lotuta badaude). Gainera, partzialki onartu da SEAk aurkeztutako alegazioa eta, horren arabera, TAO komertzialaren bereizgarrira gehituko dira txikizkako merkataritzako eta hasierako testuan aurrez ikusita ez zeuden kontsumo-ondasunak konpontzeko jarduera batzuk.