Gasteizko hainbat auzotan (Adurtza, Judimendi, Arana, Zaramaga, Mendizorrotza) pegatinak agertu dira Moros fuera de España mezuarekin. Zehazki hiriburuko meskitetan eta musulmanen ohiko topalekuetan jarri dituzte pegatina horiek.
Gasteizko komunitate musulmaneko ordezkariek pegatina horiek salatu dituzte, eta Eldiario.eus egunkariaren arabera, Ertzaintzak badu gertakari horien berri, eta dagoeneko ikerketa bat ireki dute "eduki xenofoboa" dutelako, iturri ofizialek baieztatu dutenez. "Gertatutakoa ikertuko dutela espero dugu. Elkarbizitzaren onerako gelditu behar da hau", esan diote komunitate musulmaneko kideek hedabideari.