Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez 23 urteko neska bat ikertzen ari da Ertzaintza, ostegunaz geroztik. Zuhurtziagabekeria larriarekin lotutako lesio delitu bat leporatzen diote, autoarekin mutil gazte bat zauritzeagatik eta tokitik ihes egiteagatik mutila zauriturik utziz. Emakumearen bertsioaren arabera, berriz, bikotekidea jarrera bortitzez autoa martxan zegoela igotzen saiatu zen, eta beldurtuta ihes egin zuen gizona zaurituta zegoela ohartu gabe.
Joan den ostegun gauean gertatu zen ezbeharra. Gasteizko Salburua bulebarrean zeuden herritar batzuek larrialdietako telefonora deitu zuten istripu bat gertatu zela ohartaraziz, pertsona bat zauriturik zegoela, eta inplikatutako ibilgailuak ihes egin zuela. Larrialdi Zerbitzuak bertaratu zirenean eta biktimari lehen arreta eman ondoren, ospitalera eraman zuten, zauri larriekin.
Ertzaintzak, berriz, gertatutakoa argitzeko ikerketa hasi zuen. Bildutako informazioei esker, ibilgailua eta gidaria identifikatu zituzten, eta larunbat goizean aurkitu zuten emakumea. Ez zuten emakumezkoa atxilotu, baina jakinarazi zioten "zuhurtziagabekeria larriagatiko lesio-delitu bat" egotzi diotela. Hala ere, Gasteizko epaitegiek zehaztuko dituzte behin betiko karguak.