Zuntz optikoa oraindik ez da helduko Gasteizko Alde Zaharreko etxe guztietara

Erredakzioa 2025eko uztailaren 21a

Alde Zaharreko bizilagun askok ez dute abiadura handiko internetik. Argazkia: ALEA

Hutsik gelditu da udalak eskainitako 150.000 euroko kontratua, Alde Zaharreko hainbat eraikinetara zuntz optikoa eramateko.

Gehiago itxaron beharko da Alde Zaharrak interneteko estaldura ona izateko. Ez da enpresarik aurkeztu Gasteizko Udalak eskainitako kontratura, eta atzeratu egingo dira berez urrian hastekoak ziren lanak.

150.000 euroko kontratua zabaldu zuen udalak, zuntz optikorik ez zuten etxebizitza eta lokaletara konexioa eramateko. 300 bat etxebizitza eta komertzio daude estaldura egokirik gabe egun. Kale batzuetan tarteka badago eta tarteka ez, garaian egindako obren arabera.

Eraikin bakoitzeko 4.000 eta 5.000 euro arteko inbertsioa aurreikusi zuen udalak. Diru horrekin jarri beharko litzateke zuntz optikoa, abiadura handiko interneta helarazteko, bizilagun askok daukaten ADSL sistema zaharkituaren ordez.

Baina ez da enpresarik aurkeztu udalaren eskaintzara. "Epeak betez gero, eta atzerapenik egon ezean obrak iraila eta urria artean" hasiko zirela aurreikusi zuen udalak, baina orain kontratu berri bat egiteko lanean dabiltza, enpresentzako erakargarriagoa izango dena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago