ELA sindikatuak jakinarazi dutenez, asteartean langile bat hil zen Gasteizen, eraikin bateko estalkiaren konponketa lanetan ari zen estalkia hautsi eta handik erorita. Heriotza horrekin, dagoeneko 31 lirateke 2025ean laneko istripu baten ondorioz Hego Euskal Herrian zendutako beharginak, bosgarrena Araban.
Sindikatuak elkartasuna eta babesa adierazi die hildako langilearen senide eta lagunei. "Beste behin ere, lan-merkatuan (zer esanik ez langile autonomoen kasuan) hain errotua dagoen prekarietate basatiak langile bati bizia lapurtu du. Prekarietate honen adibide dira langile autonomoek egin behar dituzten lanaldi amaigabeak, bakarkako lan arriskutsuak edota babes neurri falta", adierazi du ohar batean.
Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak "berehalakoan" ezarri ditzala eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari. "Langileen osasuna eta bizitza erdigunean jarriko dituen erabakiak berehala hartzea inoiz baino beharrezkoagoa da, urtero 50 langile baino gehiagoren heriotza ekidingo litzatekelako".