Migratzaileei lehen arreta emateko bulego ibiltaria izango da Gasteizen

Erredakzioa 2025eko uztailaren 16a

Gasteizko Udalak migratzaileentzat arreta gunea onartu du. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Proiektu pilotua da, eta hamaika hilabeteko indarraldia izango du.

Udalerrira iritsi berri diren migratzaileei arreta emango dien bulego ibiltaria martxan jarriko du Gasteizko udalak, eta entzute, orientazio eta laguntza zerbitzua emango die. Arreta udal espazioetatik emango da, hiriko hiru puntutan, bizilagun berriak Gasteizko edozein auzotatik joan ahal izateko.

Proiektu pilotu horrek hamaika hilabeteko indarraldia izango du, eta oinarrizko lau jarduketa ildo ezartzen ditu: informazioa biltzea eta sistema eguneratua konfiguratzea, arreta pertsonalizatua, informazio saioak eta ibilbide gidatuak, eta hizkuntza ofizialetara hurbilketa.

EAJ eta PSEren udal gobernuak eta EH Bilduk 2025ean lortutako aurrekontu akordioari esker jarriko da martxan zerbitzu berria. Pascual Borja Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotziak nabarmendu duenez, "Proiektu berritzaile honekin, bizitza hobearen bila gure udalerrira iristen diren pertsonei arreta emateko tresna bat dugu”.

Halaber, Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak esan du Gasteizera iritsi berri diren pertsonei auzoetako jarduera komunitarioan sartzen lagundu nahi zaiela zerbitzu horrekin. "Gasteizera iritsi berri diren pertsonei auzoetako jarduera komunitarioan sartzen lagundu nahi diegu. Eta haien beharrei modu pertsonalean erantzun ahal izango zaien eta inklusio prozesuak elkarrekin diseinatu ahal izango diren espazio fisiko baten bidez egin nahi dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago