"Narriadura nabarmena" atzeman dute hiriko bi eskulturatan

Erredakzioa 2025eko uztailaren 15a

Euskal Herria bulebarreko biribilgunean kokatuta dago 'Jesus Galindezi omenaldia'. Argazkia: COMMONS

Oteizaren eta Huertasen bi eskultura zaharberritzeko 80.000 euro bideratu ditu Gasteizek.

Jorge Oteizaren Jesus Galindezi omenaldia eta Moises Huertasen Francisco de Vitoria anaia eskulturek "narriadura nabarmena" dutela ondorioztatu du Gasteizko Udalak, eta, horregatik, horiek zaharberritzeko lanei ekingo die.

Lehengoratze horiek egiteko 80.000 euroko gehienezko aurrekontua ezarri du udalak, lanak azpikontratatzeko ateratako lizitazio batean.

Oteizaren eskultura Euskal Herria bulebarreko biribilgunean kokatuta dago, Txagorritxuko ospitalearen kanpo kontsulten parean. Huertasena, berriz, Frai Francisco Vitoria ibilbidean paratuta dago. Azken eskultura honen kasuan, zaharberritzea Unidad Hispanista kultur elkarteak Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren laugarren edizioan aurkeztutako proposamena izan zen.

Oteizaren eskultura garbituko dute, grafitiak kendu eta eta herdoiltzea egonkortzeko tratamenduak egingo dizkiote. Bide beretik, jatorrizko gris kolorea berreskuratzen ahaleginduko dira. 

Huertasen lanaren kasuan, garbiketa orokorra egiteaz gain, besteak beste, biozidak aplikatuko dituzte, eta eskulturan diren arrakalak beteko dituzte. Kasu honetan, udalak ohartarazi du estatuaren burua ordezko pieza bat dela, baina gordetzen dutela ordezkapen hori egiteko erabilitako moldea, eta hori erabili ahalko dela alde horretako bolumenak berreskuratzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago