Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak argitaratu du gaur Gasteizko Udaltzaingoko intendente lanpostua izendapen askez betetzeko hautaketa prozesuaren oinarriak eta deialdia onartzen duen Funtzio Publikoko saileko iragarpena. Zehaztu dutenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salako hirugarren atalak 2025eko otsailaren 27an emandako epaia betetzeko atera beharko du lanpostu eskaintza udalak.
Epai horretan Udal Gobernuari aurpegiratzen zitzaion bost urte baino gehiago igarotzen uztea araudiak funtsezko postu hori sortzera behartzen zuenetik. EAEko Auzitegi Nagusiak gogorarazi zuen 2019an aldatu egin zela euskal poliziak antolatzeko legedia, eta horren arabera 150.000 biztanletik gorako udalerri guztiek intendente postu bat gehitu behar zutela, 2022rako beranduenez. Bost urte igaro ditu Gasteizko Udalak agindu hori bete gabe.
Hortaz, "udalak intendente lanpostua betetzeko oinarriak onartu eta deialdia egin behar du, LPZren eta gobernu onaren eta administrazio onaren printzipioen arabera", ebatzi zuen epaileak. "Eta hautagairik ez dagoela uste badu, goragoko eskalako funtzionariorik ez dagoelako, beharrezko izapideak edo kudeaketak egin beharko ditu horretarako, dela beste administrazio publikoetako funtzionarioentzako hornidura irekiz, dela barne sustapeneko sistema bat sustatuz, betearazpen eskalako udaleko funtzionarioek goragoko eskalan sustatzeko aukera izan dezaten".
Gasteizko Udaltzaingoaren komisario buru ohiak, Marian Bidaurrek, aurkeztutako errekurtso baten ondorioz ireki zen orain udalak konpontzeko bidean jarri duen intendentearen inguruko auzia.
Bidaurreren auzia
Dena den hori ez da udalak Udaltzaingoarekin eta Bidaurrerekin lotuta duen auzi judizial bakarra. Bidaurre 2024ko ekainean izendatu zuten komisario, aurreko komisarioaren izendapena epaitegietan errekurritu eta birritan udalaren kontra irabazi ondoren.
Bidaurrek komisario kargua hartu zuen aldi baterako, komisario berria aukeratzeko lehiaketa deitu arte. Alta, Gasteizko Udaltzaingoaren burua izan den lehen emakumeak oso gutxi iraun zuen karguan, azaroan Segurtasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik kargugabetu baitzuen. "Komisariordeekin lantaldea sortzeko gaitasun falta" eta "menpekoei lana desbideratzeko joera handia" leporatu zion Gurtubaik Bidaurreri.
Erabaki horri erantzunez Bidaurrek lan jazarpenagatik eta prebarikazioagatik salatu ditu Gurtubai Herritarren Segurtasunerako zinegotzi ohia, Jon Armentia Funtzio Publikoko zinegotzia eta Jose Antonio Haro Segurtasuneko udal zuzendaria. Gasteizko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak kereila kriminala izapidetzea onartu du, eta lau delitu ikertzeko zantzu nahikoak ikusi ditu Anto Blanco epaileak: prebarikazio administratiboa, irainak publizitate astungarriarekin, agintariek egindako desobedientzia, eta laneko jazarpena. Delitu horien guztien ustezko egilea izateagatik ikertzen ari dira Gurtubai. Armentia desobedientziagatik dago ikerketapean, eta Haro laneko jazarpenagatik.