Babesgune klimatikoen erdia itxita egongo dira abuztuan

Erredakzioa 2025eko uztailaren 11

Taldeak dio egoera ez dela "onargarria", abuztuan tenperatura muturrekoak izateko probabilitate handiena dagoenean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gasteizko Elkarrekinek mozio bat aurkeztuko du udalean, hori ekiditeko "beharrezko giza baliabideak eta materialak" jar daitezen. 

Gasteizen zehaztuta dauden babesleku klimatikoen erdia abuztuan itxita egongo direla salatu du Elkarrekinek. Are, taldearen arabera, udal jabetzakoak diren 23 babeslekuetatik soilik zortzi egongo dira irekita hilabete osoan zehar.

Hori dela eta, Elkarrekinek iragarri du datorren uztailaren 18an ospatzekoa den udal osoko bilkuran mozio bat defendatuko duela tenperatura altuko gertaeretan udal jabetzako babesleku klimatiko guztiak irekita egon daitezen.

Joan den urtean aktibatu zen klimaren babeslekuen sarea, guztira 29 eraikin udal kudeaketakoak —auzo etxeak edo kiroldegiak, esaterako— eta beste erakunde batzuetakoak —museoak eta merkataritza zentroak, besteak beste—, baita kanpoko espazio berdeak eta oinezkoentzako "ibilbide erosoak" ere, termikoki erosoak diren baldintzetan babeslekuetara iristeko.

"Elkarrekinen uste dugu egoera hau ez dela onargarria, ez baitu ezertarako balio klimaren babeslekuen sarea izateak, tenperatura muturrekoak izateko probabilitate handiena duen hilabeteetako batean itxita baldin badaude", adierazi du Oscar Fernandez udal taldeko zinegotziak.

Taldearen aburuz, klimaren babeslekuen sarea "tresna oso eraginkorra" da pertsonak —bereziki zaurgarrienak— muturreko eguraldi fenomenoen ondorioetatik babesteko. Gogoratu dute aurtengo ekaina azken mende erdiko beroena izan dela, batez ere tenperatura maximoetan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago