Terrorismoaren biktimak gogoratu dituzte ostegunean Gasteizen, Miguel Angel Blancoren hilketaren hogeita zortzigarren urteurrenean.
Forondako Atean dagoen eskulturaren ondoan omenaldia eta lore eskaintza egin dituzte hainbat agintariek zein erakundeetako eta biktimen kolektiboko ordezkariek.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak bertan adierazi du terrorismoak "etendako istorioz, gurasoak galdu zituzten seme-alabez, suntsitutako familiez eta betirako grabatuta geratu den minez" betetako eragin soziala izan duela. Alkateak memoria demokratikoa aldarrikatu du, "ahanztura gorrotoaren konplizea" dela esanez.
Omenaldiaz baliatu da Etxebarria iragartzeko ETAk hirian eragindako biktimen omenezko 23 plaketatik 22 ordezkatu dituztela jada, azken biak aste honetan bertan. Uneotan Herrandarren kalea bakarrik geratzen da plaka berritu gabe, eta kalearen obrak bukatzean egingo dutela aurreratu dute.
Omenaldiaren ondoren, erakundeetako ordezkariak Txagorritxu auzoan dagoen Miguel Angel Blancoren lorategira bertaratu dira, eta bertan loreak utzi dituzte ETAk 1997an hildako Ermuko zinegotziaren omenez.