PPko Iñaki Garcia Calvo zinegotziak Gasteizko Udalari eskatu dio "irmotasunez" ekin dezala URSSA eta EGA fabrika okupatuak desalojatzeko. "Delinkuentzia gune" direla salatu dute, eta bertako bizilagunekin lotu dituzte Gasteizen "ematen ari diren zenbait delitu".
Gaizkileentzako dei efektua gertatzen ari dela salatu du PPk. "Duela urtebete bat zegoen eta orain 50 eta 60 okupa artean daude". Hirian emandako delitu batzuekin lotu ditu okupak, "gazteei eta adineko pertsonei egindakoak, bizikleta eta patinete lapurretak, arma zorrotzez eginak".
Adierazi dute udaleko Segurtasun zinegotziak onartu duela zenbait delitu fabriketako bizilagunekin lotuta daudela. "Zuek legez kanpoko okupazioaren arazoa ezagutzen duzue eta baimentzen ari zarete" leporatu dio Garcia Calvok Udal Gobernuari.
Desalojoa edo laguntza instituzionala
Duela bi aste Gasteiz Anitza plataformak eta Adurtzako auzo elkarteak laguntza instituzionala eskatu zuten fabriketako auzokideentzat. Adierazi zuten konponbidea ez dela "pobreziaren bazterretan dauden auzokideak gure kaleetatik kanporatzea eta kriminalizatzea".
Instituzioak seinalatu zituzten, Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia bereziki, argudiatuz gizarte zerbitzuak kolapsatuta daudelako ematen direla halako bazterketa egoerak. Arazo sozial bat dela nabarmendu zuten, ez poliziala.