Gasteizko Udalak eta Alde Zaharreko Goian hezkidetza proiektuak ekimen berri baten berri eman dute gaur: Ongi etorri Gasteiz. Hiriko eta auzoetako bizikidetza modu komunitarioan eta prebentiboan lantzeko egitasmoa da. Bizikidetza apurtzeko arriskua duten egoerak detektatzea da helburua, zaurgarritasun sozialeko egoerekin lotuak izan daitezkeenak, baina baita bestelakoak ere, eta horietan esku hartzeko baliabideak jartzea.
60.000 euroko partida bideratuko da horretarako, Udal Gobernuak eta EH Bilduk lortutako akordioan jaso bezala. Pascual Borja Bizikidetza eta Aniztasun zinegotziak nabarmendu du bazterkeria egoeran dauden gazteekin esku hartzea beharrezkoa dela, "Euskadiko hiriburuaren errealitate soziala eboluzionatzen" ari delako, eta egoera berriei erantzun behar zaielako, "bertan bizi diren pertsona guzti-guztien garapena sustatuz, hiri bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta solidarioagoa bultzatzeko helburuarekin.”
Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du "egoera horiek kronifikatu aurretik detektatzea eta esku hartzea" garrantzitsua dela, aukerak biderkatu egiten direlako arrakasta izan eta kalteak murrizteko. Goianeko ordezkariek azaldu dute haien lana estrategia hezitzaileak, integratzaileak eta komunitarioak garatzea izango dela. Diagnosi bat egingo dute hasieran, bazterkeria egoeran dauden gazteengana hurbilduko dira, eta auzokideen artean elkar ezagutzeko dinamikak garatuko dituzte, elkarlana bilatuz gizarte zerbitzuekin.