Jazza eta zinema batuko dituen Jazzinema zikloaren bederatzigarren edizioa Köln 75 filmarekin aurrestreinaldiarekin hasiko da ostegunean, uztailaren 3an. Alemaniak, Poloniak eta Belgikak koproduzitua, filmak Vera Brandes du protagonista nagusi, musikaren historiako bakarkako kontzerturik ospetsuenetako bat antolatu zuena 1970eko hamarkadan: Keith Jarrettek Colonian eman zuen kontzertua. Berlingo Zinemaldian estreinatu zen filma, eta Donostian, Iruñean eta Gasteizen aurkeztuko da orain; Arabako hiriburuan, Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiaren zuzendariaren eskutik.
Halaber, Euskadiko Filmategiak The Conversation (Francis Ford Coppola, 1974) film klasiko modernoa berreskuratuko du. Magnate batek detektibe bat kontratatzen du bere emazteak ustez langile batekin duen harremana iker dezan. Gene Hackman aktore hil berria da protagonista, baina ez soilik filmarena, baita aurtengo zikloko kartelarena ere, saxoa jotzen ageri baita han.
Legacy (Manal Masri, 2025) Danimarkako CPH: DOX dokumental jaialdian estreinatu zen, eta, zinema dokumentaleko beste zenbait jaialditan parte hartu zuen gero. Filmak bidaia bat proposatzen du 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetako Eskandinaviara, jazzaren gune garrantzitsu bihurtu baitzen urte haietan. Baina jazz musikaren izar eta izen ezagunen seme-alaben bidez egiten du bidaia hori, besteak beste Dexter Gordon, Don Cherry, Sahib Shihab, Joe Harris eta Quincy Jonesen seme-alabak baitira arrazismoa, segregazioa eta aktibismo politikoa hizpide dituen film honetako protagonistak.
Zikloa amaitzeko, Soundtrack to a Coup d’État (Johan Grimonprez, 2024) aurkeztuko dute. Dokumentalak kontatzen du Abbey Lincoln eta Max Roach musikariak 1961ean Nazio Batuen Segurtasun Batzordeko bileran sartu zirela Patrice Lumumba Kongoko liderraren hilketa salatzeko. Iaz estreinatu zen Sundancen, eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean programatu zuten gero dokumentala.
Uztailaren 3, 10, 17 eta 31n eskainiko dituzte filmak. Sarrerak Artiumen sarreran eta webgunean egongo dira salgai.