Gaixo dagoen gidari bat Tuvisako autobusak hartzera behartu dutela salatu dute

Erredakzioa 2025ko uzt. 2a, 13:51

Tuvisak herritarren segurtasuna arriskuan jarri duela salatu dute. Argazkia: Gasteizko Udala

Gidatzearekin bateraezinak diren sendagaiak hartzen dabil langilea, baina enpresak "ez dio jaramonik egin", ESK sindikatuak salatu duenez. Autobusa gidatzen zegoela istripua izan zuen joan den astean.

Tuvisa osasun arazoak dituen langile bat autobusa gidatzera behartzen ari dela salatu du ESK sindikatuak. Bajan egon ostean, maiatzean eman zion alta mutuak, eta gidatzera bidali zuen enpresak langilea, nahiz eta hartu behar dituen sendagaiek kaltetu egiten duten gidatzeko gaitasuna. DGTk debekatutako farmakoak dira langileak hartu behar dituenak, gidatzearekin bateraezinak.

Tuvisak, "langileen osasunaren kontura", herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duela ohartarazi du ESKk. Ez da susmo kontua soilik, arazo pare bat izan baititu langileak azken asteetan. Duela hiru bat aste, gaixotasunaren eraginez, bost orduz egon zen gidaria autobusean harrapatuta, eserlekutik atera ezinda, gorputz osoa gogortuta gelditu zitzaiolako. Anbulantzia batek joan behar izan zuen bera ateratzera, baina aurrerantzean ere autobusak gidatzen jarraitzeko agindu zioten.

Istripua Gamarran

Joan den asteko astelehenean, ekainaren 23an, istripu bat izan zuen langileak, autobusa gidatzen ari zela. Gamarrako Ateko autobusen erreietik zihoan langilea, autobusean bidaiariak zituela. Auto bat irten zen merkataritza gune batera daraman bidetik, eta istripua izan zuten autoak eta autobusak.

Udaltzainak gerturatzean ondorioztatu zuten auto gidariarena izan zela errua, eta autobus gidariari ez zioten frogarik ere egin, baina Tuvisako ESKren ordezkariak adierazi du zalantza izango dutela beti, ea baldintza egokietan egonez gero istripua saihesterik egongo ote zen. ESKtik salatu dute langileak jasotako presioen ondorio izan zuela istripua. "Zorionez, ez zen inor larri zauritu", baina autobus gidaria bajan dago berriro, istripuan zerbikalak zauritu ostean. "Zabarkeria larria" salatu du sindikatuak.

Langileak ez dio uko egin lanera joateari, baina enpresari eskatu dio beste zeregin bat egiten jar dezatela, ezin baitu segurtasunez autobusik gidatu. "Enpresak ez dio jaramonik egin", salatu dutenez. Berehalako ikerketa eskatu du sindikatuak, erantzukizunak argitzeko eta bermatzeko "laneko osasunaren eta segurtasun publikoaren babes eraginkorra". Oraingoz ez dute enpresaren erantzunik jaso, ez langileak ezta sindikatuak ere, eta susmoa dute istripuagatiko baja amaitzean berriz gidatzen jarriko dutela, enpresak ez baitu oraingoz kontrakorik adierazi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago