Izaskun Arrue Kulturguneak ateak zabaldu zituenetik urtebete izango da datorren uztailaren 18an, eta egun hori agendan jarri dute aurten ere Lazarraga kultur elkarteko kideek, lehen urteurrenaren jaialdia ospatuko baita orduan.
Uztailaren 18an, ostiralarekin, programazio berezia prestatu dute. 20:00etan hasita, Bingoz Bingo ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, Yogurinha Borova eta Aurori Badiolarekin, eta DJ saioa izango da ostean. Gainera, lehenago, uztailaren 16an, "mingainak berotzen joateko" jarduera antolatu dute, bertso saio berezia izango baita egun hartan, 19:30ean. Doan izango dira bi jarduerak, herritar guztientzat zabalik.
Urtebete egin du jada IAK, eta antolakuntzatik adierazi dutenez 5.000 pertsonatik gora igaro dira bertan antolatutako kontzertu, bakarrizketa, hitzaldi, tailer, erakusketa eta bestelakoetatik. Publikoaren erantzuna "aparta" izan dela adierazi dute, eta horrek erakusten duela "euskal kulturak horrelako espazio bat merezi eta behar zuela Gasteizen".
Urte oparoa izanagatik ere, espazioa oraindik egonkortu beharrean dagoela adierazi dute, "Gasteizko kultura ekosisteman erreferentziazko euskal topagune" gisa. Eskerrak eman dizkiete urte hau posible egin duten guztiei, izan artistak, sortzaileak zein ikusle eta parte hartzaileak. Eskerrak emateaz gain, etorkizunera begira jarri dira eta gogorarazi dute "guztion bultzada" behar duela euskararen etxeak, "Gasteizen errotzen eta hazten jarraitzeko".