Abetxukun pergola fotovoltaikoa paratzeko lanak hasi dituzte

Erredakzioa 2025ko uzt. 1a, 09:48

Lanak zortzi hilabetean egin beharko dituzte. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Azpiegitura berriak 600 metro koadro inguru estaliko ditu, eta LED argiak izango ditu. Obra bukatzeko zortzi hilabeteko epea aurreikusi dute. 

Abetxukuko Plaza Nagusian erabilera anitzeko pergola fotovoltaikoa jartzeko lanak hasi dituztela iragarri du udalak. Vitoria-Gasteiz Hobetuz-en aurrekontu parte hartzaileen udal programan jasotako jarduketak 606 metro koadroko azalera estaliko du, eta LED argiekin barne argiztapen sistema elikatuko duten plaka fotovoltaikoak izango ditu estalkian. Horrez gain, 35 metro koadroko agertoki finkoa izango du, bai eta eserlekuak, jardinerak, kiroletarako saskiak eta ateak, ping-pong mahaiak eta erabilera anitzeko jolas gune bat ere.

Azaroan esleitu zizkioten obrak Ekoargi enpresari, eta zortzi hilabeteko epea aurreikusi dute horiek gauzatzeko. Lanek 410.000 euro inguruko aurrekontua dute, eta NextGenerationEU funtsen bidezko finantzaketa dute.

Beatriz Artolazabal Auzoetako zinegotziaren arabera, "auzo ikuspegia duen" proiektua da, eta kolektiboekin batera lan egin dute "espazio erabilgarria, irisgarria eta jasangarria diseinatzeko". Borja Rodriguez Hirigintza zinegotziak nabarmendu du azpiegitura berria "oso erabilgarria" izango dela Abetxukoko bizilagunentzat. "Alde batetik, Plaza Nagusiaren itxura aldatuko du, auzoko bizitza komunitarioa biziberrituz. Bestetik, instalazio honek Udalaren hainbat eraikini eta ekipamenduri energia ematen dieten energia berriztagarrien kopurua handitzea ahalbidetuko du".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago