Lau gizon atxilotu dituzte Udaltzaingoak eta Guardia Zibilak ostegunetik igandera arte Gasteizen indarkeria matxistarekin lotutako hainbat delitu egotzita.
Ostegunean Guardia Zibilak gizon bat atxilotu zuen El Pilar auzoan, sexu erasoa egotzita. Trebiñuko Konderriko herri batean gertatu zen erasoa, eta horrenbestez Miranda Ebroko epaile batek agindu zuen ustezko erasotzailea atxilotzea. Biktimak salaketa jarri ondoren hartu zen erabakia. Hedabide batzuen arabera biktima adin txikikoa da.
Bestalde, Gasteizko udaltzainek 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostiral goizean, mehatxu larriak, jazarpena, irainak, laidoak, hertsapenak eta ohiko indarkeria psikikoa egitea egotzita. Atxiloketa Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean egin zuten, biktimak bikotekide ohia salatu eta babes agindua eskatu ondoren.
Halaber, udaltzainek 38 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten larunbat goizean, bere pisukideari sexu erasoa egitea egotzita. Zaramaga auzoan gertatu zen atxiloketa, eta gizonak emakumearekin "gehiegikeriaz jokatu" zuela aitortu zuen.
Laugarren atxiloketa igandean goizaldean jazo zen. Udaltzainek 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekideari lesioak eragitea egotzita. Gainera, ustezko erasotzaileak debekatuta zuen emakumearekin komunikatzea eta harengana hurbiltzea.