Udarekin batera, erdiguneko eta auzoetako plazak hartuko ditu Gasteiz On tokiko merkataritza elkarteak, bereziki haurrei zuzendutako jarduerak eta bestelako ekitaldiekin kaleak dinamizatzeko. Horren aurretik, baina, asteazken honetan, uztailaren 2an, Gasteiz On jaia ospatuko dute, eta sariak banatuko dizkiete merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu dinamikoenei.
Antolatutako jardueren artean, Txiki Txokoen eta Udafesten ospakizuna nabarmendu dute antolatzaileek. Haurrentzako txokoak uztaileko ostegun arratsaldeetan itzuliko dira Zabalgana, Salburua eta Lakuara. Uztailaren 3an, 10ean eta 17an, 18:00etatik 21:00etara, izango dira gune horiek, jolas, puzgarri, musika, ingelesezko jarduera eta euren argazki-markoak egiten ikasteko tailerrekin. Zabalganako Bastida plazan (uztailak 3), Salburuko Ekialdeko Parkean (uztailak 10) eta Lakuako Zumaia plazan (uztailak 17) egongo dira.
Aurten, berrikuntza gisa, argazkilaritza, moda, osagarriak eta beste hainbat sektoretako hiriko hainbat saltokik beren produktuak saltzeko baliatuko dituzte hitzordu horiek. "Bi jardueren sinergiak tokiko establezimenduak eta gure auzoetako kaleak eta espazioak dinamizatzeko funtsezko pieza izaten laguntzen du", adierazi dute Gasteiz On elkartekoek.
Udafest jaia
Bestalde, Aihotz plazan, uztailaren 12an, 11:30etik 21:30era, Udafest jaialdiaren laugarren edizioa egingo da. Hitzordu hori era artisauan egindako garagardoaren eta merkealdietan dauden saltokien arteko fusiotik sortu zuten. "Aukeratutako datak bat egiten du merkealdiarekin, eguraldi onarekin, eta Ironmanaren bezperarekin, Gasteizko herritarrek asko bultzatzen duten ekitaldi handiarekin. Horrela, herritarrek Udafest jaialdiaz gozatu ahal izango dute, egun horietan kirol proba zorrotzean parte hartzera eta abentura honetan laguntzera bisitatzen gaituztenek bezala", adierazi du Maria Nanclares Ekonomia Sustapen zinegotziak.
Herriko saltokietan erosketak egiten dituzten pertsona guztien artean 50 euroko hamaika txartel zozkatuko dira, parte hartzen duten saltokietan gastatzeko.