Eragiteko janzten

"Komunitatea sendotzeko baliatu daiteke musika"

Erredakzioa 2025ko eka. 30a, 10:49

Iker Arroniz Jimmy Jazzeko arduraduna. Argazkia: ALEA

Jimmy Jazz aretoan lotura zuzena daukate hainbat euskal kulturgilerekin. Eragiteko Janzten zikloan Iker Arronizekin hitz egin dugu.

Jimmy Jazzeko arduradunarekin, musikaz, euskaraz egitearen zailtasunez eta hizkuntza hautuaz aritu gara, besteak beste.

Zenbat kontzertu eta ikuskizun egiten dituzue urtero?

Normalean, urtearen arabera, 100-120 ekitaldi egiten ditugu aretoan, gutxi gorabehera.

Eta horietatik zenbat izaten dira euskaraz?

Joan den urtean, 2024an, gutxi gorabehera %35a. 120 ekitaldi horietan 200 talde baino gehiago egoten dira normalean, eta bakarrizketak ere egiten ditugu. Horietatik esan dezakegu 70 bat euskaraz direla, %30 eta %40 artean, gutxi gorabehera, urtearen arabera.

Programazioa sortzean kontuan hartzen duzue zenbat diren euskaraz?

Horrela esanda ez. Ez dugu euskararen ehunekoa kokatzen irizpide gisa. Baina programazioaren kudeaketan lauzpabost pertsona gaude, guztiak euskaldunak gara, bat izan ezik, eta Euskal Herrian dauden proposamenak oso kontuan hartzen ditugu. Asteko bilerak egiten ditugu, eta hamasei urte hauetan ez dugu inoiz esan derrigorrez egin behar ditugunik euskarazko kontzertuak, ez ditugulako egiten. Gure programazioa handituz joan da, ostiral eta larunbatetan talde potenteagoak ditugu, sarrera gehiago saltzen dituztenak, baina horretara ere moldatu gara. Ostegunei garrantzi handia ematen diegu, eta saiatzen gara ostiral eta larunbatetan sartu ezin ditugun proposamenak hor sartzen. Askotan euskaldunak izaten dira horiek, baina ez da plangintza bat egin dugula eta horra eraman ditugula euskal talde gehienak. Atzetik badaukagu helburu hori, argi daukagu aretoa Gasteizen dagoela, Euskal Herrian dagoela, eta bertako taldeek nolabaiteko ate handiagoa eduki behar dute Jimmyn.

Esango zenuke euskaraz ematen den eskaintza nahikoa dela?

Esango nuke guk egiten duguna nahikoa dela. Ez guk egiten dugulako, baizik eta horretan saiatzen garelako. 2025. urte honetan uste dut Euskal Herrian badagoela euskaraz abesten duen talde nahikoa, musika ezberdina egiten dutenak. Oro har, ia estilo gehienetan bilatu ditzakegu proposamen sendoak.

Nolakoa da publikoaren harrera euskaraz egiten diren ikuskizunekiko?

Denetarik dago. Badaude hizkuntzari garrantzia ematen dioten ikusleak, eta musikari edo proposamen kulturalari ematen diotenak. Eta talde kanadar bat ikustera joan daitekeen ikusle bat gero gogotsu doa Lisabo ikustera. Euskal komunitate bat badago saiatzen dena euskal kulturarekin nolabaiteko harreman estuagoa edukitzen, eta dauden proposamen horietara joaten; garrantzia ematen diotenak euskarazko planteamendu horiei. Uste dut, oro har, badaudela arazoak, baina eszena nahiko bizi dagoela, eta proposamen anitzak bilatu daitezkeela hor.

Euskaraz sortzen denak badauka kalitate nahikoa?

Uste dut kalitatea badagoela. Egia da, kalitatearen barruan, ez daudela hainbeste proposamen kalitatezkoak, baina hori beste hizkuntzekin ere gertatzen da, oro har. Uste dut artistak egiten duen apustu hori, euskaraz egiten duenean, konpromiso maila handiagokoa dela. Entzule kopurua askoz gutxiago da, erdaraz eginda askoz handiagoa da heldu daitezkeen entzule kopurua; Estatua handiagoa da, kanpora atera nahi baduzu erraztasun gehiago dituzu erderaz egiten baduzu... Baina entzule bezala oso ohituta gaude, adibidez, ingelesez entzutera musika, eta Euskal Herrian ingelesaren maila txikitxoa da. Orduan, musikan askotan hizkuntzak ez gaitu baldintzatzen, musikara heldu gaitezke hizkuntza pila bat jarraituz. Hori kontuan izanda, badaude euskaraz abesten duten taldeak, oso kalitate maila altukoak, kanpora atera direnak, eta entzule masa bilatu dutenak euskal hiztunetatik kanpo. Baina egia da horrek ez duela erraztasunik; alderantziz, askoz gehiago borrokatu behar dela, kristoren kalitatea izan behar duela muga horiek gainditzeko. Eta musikan, beste hainbat gauzetan bezala, arrazakeria handia dago. Musika mainstreama askotan ingelesez datorkigu. Kontuan hartzen badugu erdaraz abesten oso zaila dela anglo-saxoi munduan sartzea, ba pentsa hizkuntza gutxituetan...

Hala ere askok egiten dute euskaraz.

Zure bizitza euskaraz baldin bada, edo idazten jartzen zaren momentuan euskaraz ateratzen bazaizu, orduan patua argi dago, euskaraz egin behar duzu. Kalitatezko zerbait egin nahi baduzu, munduari barruan daramazuna kontatu nahi badiozu, eta euskara bada zure hizkuntza, hautua nahiko erraza da. Agian artistak ez ditu halako hausnarketak eduki behar, benetan berak egin behar duena da musika eta letrak egitea; horretan jarri dadila. Ez luke pentsatu behar, "euskal hiztunak bi milioi bakarrik dira, Estatuan 50, nola lortuko dut...". Laguntza gehiago egongo balira, errazagoa izango litzateke. Komunitateak, eta instituzioek, nolabaiteko makineria jarri beharko lukete martxan, artista batek halako galderei bueltak eman behar ez izateko.

Muga horiek kontuan hartuta, artistek zein arrazoi izan ohi dituzte musika euskaraz egiteko?

Uste dut badaudela Euskal Herrian artista pila bat ez diotenak galdera horri erantzuten. Beraiek jartzen dira, euskaraz egiten dute haien musika, eta horrekin aurrera ateratzen dituzte euren proiektuak. Kontziente dira dituzten traba horietaz, baina nik uste dut euskaraz hasten diren artista horiek euskaraz jarraitzen dutela euren ibilbide gehiena. Betiko kontuak behar dira, laguntza gehiago kanpora ateratzeko, Euskal Herrian artistek estatutu antzeko bat edukitzea, ez egoteko beti lan prekario batekin, gero asteburuetan kontzertuak modu prekario batean ematen, entseguak arratsaldeko 8retatik gaueko 11etara, guztiak elkartzeko... nik uste dut hor daudela gehienbat arazoak, proposamen horiek sendotu eta finkatzeko. Hizkuntzaren aldetik uste dut ez dutela arazorik.

Babes nahikoa ematen zaie sortzaileei?

Nik uste dut babes gehiago emateko aukera daukagula. Badaude baliabideak kulturari emateko. Euskal taldeek Estatura eta kanpora ateratzeko laguntza gehiago beharko lituzkete, aretoei eta promotoreei laguntza gehiago ematea euskal talde gehiago izateagatik, halako gauzak. Instituzioek lan egiteko bide handia dute hor. Pentsamendu zaharkitua dago instituzioetan, beste kultura arloetan badago laguntza gehiago baina musika beti jaiarekin lotu izan da, eta ez zaio hainbeste garrantzia eman. Egun ikusi da proposamen oso handiak egin daitezkeela euskaraz, 17.000 pertsona sartu ditzaketela nonbaiten, hiru egunez jarraian, edo Anoetako futbol zelaia bete. Hemendik ehun urtetara komunitate hori errotuta, sendotuta eta handiagoa izateko, baliabide handia izan daiteke musika. Instituzioek gogotsu begiratu beharko lukete ibilbide hori: artistak lagundu, profesionalizatu, eta inguruan dagoen industria hori zaindu, hedabide publikoetan euskal artisten kuotak jarri... Ez da ezer berria asmatu behar, beste leku batzuetan euren komunitateak zaintzeko egiten diren gauzak hona ekarri eta kopiatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago