ARGAZKI GALERIA

Desio, gorputz eta lurralde askeak aldarrikatu dituzte E28ko manifestazioan

Erredakzioa 2025ko eka. 28a, 21:21

Pinkwashingaren aurkako aldarriek hartu dute lekua Gasteizen. "Ez da festa, borroka politikoa da". LGTBIQ+ kolektiboaren borroka eta Palestinakoa eskutik joan dira mobilizazioan.

New Yorkeko Stonewall tabernako 1969ko istiluen oroimenak bizirik dirau, eta hala erakutsi dute ehunka pertsonak gaur arratsaldean Gasteizen. Sexu eta genero disidentziak kalera irten dira, beren gorputz eta desirak aldarrikatzera.

"Ekainaren 28a ez da festa kapitalista egiteko momentua, ez da gu, gure gorputzak eta desioak bortxatzen dituen sistema honen ospakizuna. Kontrakoa baizik, gure borroka, erresistentzia eta desioak ospatzeko festa politikoa da".

Pinkwashinga salatu dute, LGTBIQ+ komunitatearen aldeko "iruzurrezko adiskidetasuna" erakustea, gero inolako konpromiso politikorik gabe eta gainera "askotan gure kolektiboak jasotzen duen biolentziaren konplize izanda".

Palestinaren aldeko oihuek leku nabarmena izan dute manifestazioan, eta osteko ekitaldian. BDZko kide bati eskaini diote hitza, Palestina jasaten ari den genozidioa salatzeko, eta bereziki Israelen pinkwashinga salatzeko. Israelek kanpaina ugari egin baititu LGTBIQ+ kolektiboaren laguntzat agertzeko munduaren aurrean, "herri palestinarraren sarraskia eragiten duen bitartean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago