Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegun honetan, Txagorritxuko komunitate sareak eta Federico Baraibar eta Abendañoko irakasleek lagunduta. La Bilbaina hotelaren ondoan bilduta, bi familiek bizi duten egoera salatu zuten, adingabeko kideak badituzte ere kale egoeran gelditzeko arriskuan daudenak.
Etxebizitza saretik salatu dute gizarte zerbitzuek ez dutela inolako irtenbiderik eskaini bi kasu hauetan. Alokairu merkatu pribatura bideratu dituzte etxe bila, baina Auzoan Bizik gogorarazi du eskuraezina dela alokairua. Batez ere momentu honetan diru sarrerarik ez duen familia batentzat, gehitu dute, Gasteizko alokairuak batez-beste 1.200 eurotik gorakoak direlako egun. Alternatiba duinak eskatu dituzte bi familientzat, eta udalari dei egin diote abandonatuta eta hutsik dituen etxeak konpondu eta gizarte zerbitzuei eskaintzeko.
Bi familia, bi pentsio
Rajja eta bere familia La Bilbaina hotelean bizi da duela urtebetetik, CEARrek akordioa baitu hotelarekin bertan familiak hartzeko. Familiaren esanetan, hotelera bidali zituen programatik baztertu zituzten gerora, baina beste etxebizitza alternatibarik eskaini gabe, eta behartuta egon dira hoteleko gelan jarraitzera, kalean ez gelditzeko. La Bilbainak haiek kaleratzeko prozedura abiatu du, eta irtenbideak negoziatzeari uko egin diola salatu dute.
Hotelak gela guztiak bideratzen ditu CEARrekin daukan akordioaren barruan jendea hartzera. Hala izateak ardura gehiago jartzen du instituzioen gain, Auzoan Biziren ustez. Hoteleko bizi baldintzak oso prekarioak direla salatu dute, “hondatutako ingurunea da, hezetasunekin, altzariak egoera txarrean daude eta egiturazko akatsak ditu eraikinak”. Osasun arazoak sortu dizkie egoera honek, ohartarazi dutenez, bereziki adin txikikoei, alergiak eta asma bezalako arnasteko arazoak sortu baitzaizkie.
Bigarren familia uztailaren 18an etxetik bota zuen poliziak, aurrez jakinarazpenik eman gabe, “modu irregularrean”. Behin etxetik botata, larrialdiko gizarte zerbitzuek hostal batera bidali zuten familia bost egunetarako. Gerora pixka bat luzatu diete hortalean egoteko aukera, baina gurasoetako bati bakarrik, haurrarekin batera, eta beste gurasoak kalean gelditu behar zuela esanez. Oraingoz hostalean daude, baina kaleratu egingo dituztela iragarri diete. Etxegabetzean bizitako bortizkeria salatu du familiak eta Auzoan Bizik, eta gaitzetsi egin dute familia banandu izana eta “kaleratzeko beldurrez bizitzera” behartu izana.
Hainbat eragileren babesa
Txagoko komunitate sareak ere bat egin du salaketarekin, eta kritikatu dute “beste behin ere, interes ekonomikoak pertsonen bizitzen gainetik” jarri izana. Irtenbide integralak eskatu dituzte. Abendaño eta Federico Baraibarreko irakasleek ere familien alde egin dute, eta adierazi kezkaz bizi dutela nola eragiten duen etxebizitzaren arazoak beren ikasleengan. Hiru ikasle kale gorrian geratzeko arriskuan egonda, haien osasuna eta ikasketa prozesua asko kaltetuko dituela ohartarazi dute, eta instituzioei etxebizitza duin bana emateko exijitu diete.