Tuvisako kontseiluak erabaki du patinete elektrikoak Tuvisaren hiri barruko autobusetara sartzeko debekuari eutsiko diola, sortu ditzaketen arriskuen inguruko ziurgabetasuna argudiatuta. PSE, PP eta EAJren aldeko botoekin hartu da erabakia, berariaz eskatutako bi txostenetan oinarrituta.
Aholkularitza enpresa independente batek egin du txostenetako bat, eta Gasteizko Suteen Itzaltze eta Prebentzio Zerbitzuak bestea. Biek gomendatzen dute debekua mantentzea. Txosten independentean ondorioztatu dute istripu larria gerta daitekeela patinete elektriko baten bateriak su hartzen badu hiri barruko garraioko autobus baten barruan, aireztapen txikia duelako autobusak eta larrialdiko irteerak blokeatu daitezkeelako.
Tuvisaren kontseiluak, bestalde, jakinarazi du errekor berria hautsi dela autobusen erabileran. Urtarriletik maiatzera 8,2 milioi pertsona garraiatu ditu Tuvisak, iaz baino %13,04 gehiago. Lehen aldiz gainditu dira zortzi milioiak epe honetan.