Emisio Txikiko Eremuaren aurkako helegitea aurkeztu dute

Erredakzioa 2025eko ekainaren 26a

Irailaren 15ean indarrean sartuko da araudi berria. Argazkia: ALEA

RACVNek argudiatu du neurri "ideologikoa" dela, eta hirietan kutsadura jaitsi dela.

RACVN automobil klubak helegitea jarri dio EAEko Auzitegi Nagusian Gasteizko Emisio Txikiko Eremuari. 

Pegatinaren arabera Gasteizko erdialdeko eremu handi batean autoen sarrera mugatu edo debekatuko duen araudia irailaren 15ean indarrean sartuko da, TAO berriarekin batera. 

Eduardo Martinez klubeko presidenteak Donostian emandako prentsa agerraldi batean eman du ekimenaren berri. Argudiatu duenez, elkartea eremu hauen aurka dago, neurri horiek "ideologikoak" direla iritzita. Diotenez, azken hamarkadetan hirietako kutsaduraren mailak jaitsi dira. Frantzian horrelako neurriak bertan behera utzi dituztela gogoratu du Martinezek. 

Araudi berriaren aurkezpenean, Gasteizko Udalak ziurtatu zuen taxuz prestatu dutela araudia, hain zuzen, beste leku batzuetan baino berme juridiko handiagoak ziurtatu aldera. 

Iazko irailean RACVNek beste horrenbeste egin zuen Bilboko eremuaren kasuan. Orduan elkarteak argudiatu zuen "diru gehiago dutenek" posible izango dutela sartzea, baina, aldi berean, aldirietan trafiko gehiago pilatuko dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago