Gasteiz Anitza plataformatik, Adurtzako auzo elkartearekin batera, kezka adierazi dute URSSA eta EGA enpresen lantegi abandonatuetan bizi diren pertsonen egoeragatik. Mespretxu adierazpenak gaitzetsi dituzte, eta auzokide horien eskubideak aldarrikatu. Adierazi dute konponbidea ez dela "pobreziaren bazterretan dauden auzokideak gure kaleetatik kanporatzea eta kriminalizatzea".
Bi erantzule nagusi nabarmendu dituzte. Lehenik, instituzioak, Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia, argudiatuz gizarte zerbitzuak kolapsatuta daudelako ematen direla halako bazterketa egoerak. Fabrika horietan bizi direnetako "asko eta asko" aldundiaren zaintzapean zeuden duela gutxi arte, Gasteiz Anitzaren esanetan, baina hemezortzi urte betetzearekin batera "kale gorrian" utzi dituztela, "inongo babes edo oinarririk gabe".
Bestalde, enpresen erantzukizuna ere azpimarratu dute, instalazioak "usteltzen utzi" izanagatik, eta behar bezala desegin ez izanagatik. Lantegi horietan produktu eta makinaria arriskutsuak daudela ohartarazi dute, eta gogorarazi dute dagoeneko pertsona bat hil dela halako baldintzetan bizitzeagatik.
Segurtasunaren aitzakiapean "diskurtso arrazista eta baztertzaileak" zabaltzearen aurka egin dute, eta errespetua eta duintasuna eskatu dituzte lantegi hauetan bizi diren pertsonentzat. Instituzioei exijitu diete beharrezko baliabideak martxan jartzeko, arreta duin bat jaso dezaten bizilagun hauek, "inklusioa erabatekoa izan dadin". Enpresen jabeei ere eskatu diete lantegiak desegiteko prozedurak martxan jar ditzatela.
Arazo sozial bat dela nabarmendu dute, ez poliziala. Eta jendarteari dei egin diote gezur eta irainen aurrean "auzo elkartasuna" bultzatu eta mezu horiei aurre egiteko.