Herritarren arreta zerbitzuaren greba eskubidea urratu zuen Amvisak. Hala ebatzi du lan ikuskaritzak, ELA sindikatuak berri eman duenez. Zehazki, lan ikuskaritzak zehazten du greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatu zituela uraren kudeaketaz arduratzen den enpresa publikoak, oinarrizko eskubide hori urratuz, eta, beraz, isuna jarri dio.
ELAk iragarri du epaitegietara joko duela hori salatzeko, "Gasteizko Udalak berriro modu berean joka ez dezan". Gasteizko Udalak greba horretan eta beste gatazka batzuetan duen "jarrera beligerantea" kritikatu du sindikatuak, udal lorezaintza zerbitzuaren greban kasu.
Alta, Gasteizko Udalak bere jarduera defendatu du, eta azaldu du salaketa herritarrei eskura dauden izapideen berri emateko sarreran jarri zen pertsonari buruzkoa dela, eta ezarritako gutxieneko zerbitzuetan oinarrituta egon zela erabakia, "egoera gatazkatsuak saihesteko".
Amvisako herritarrentzako arreta zerbitzuaren greba 2024ko azaroan hasi zen, eta 2025eko martxora arte luzatu zen.