Gaur arratsaldean eman diete hasiera Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoiei. "Bollerias" plazan elkartu dira dozenaka bizilagun, eguzkipean, eta gorputzak kolpatuz egindako txupin hotsekin abiatu dira aurtengo Zaharraz Harro jaiak.
Auzotik egin ohi den kalejiran hainbat geldialdi izan dituzte aurten ere. Aiztogile kaleko 34. zenbakian plaka bat jarri dute jaien antolatzaileek, erakusteko eraikin horretako bizilagunek ez dutela etxebizitza turistikorik nahi, eta hala zehaztu dutela haien estatutuetan. Pintore kalean ere egin dituzte pare bat geldialdi, salaketarako erabili dituztenak.
Lehena, 72. zenbakian, Luxury enpresaren apartamentu turistikoak dituen eraikinean, eta han salatu dute PPko Gustavo Antepara zinegotziak "iruzur eginez" eraiki dituela etxebizitza turistikoak, obrarako baimenik gabe maiz, eta auzokideen kaltetan, Zaharraz Harrotik salatu dutenez. Ondoren, Korda espazio okupatua zegoen lekura hurbildu dira, eta dantzan aritu dira desalojatu berri den lokalaren parean.