Berdez tindatu dituzte Gasteizko zenbait putzu

Erredakzioa 2025eko ekainaren 23a

LAB eta ESK sindikatuek prentsa ohar batean azaldu dutenez, lorezainek grebarako duten eskubide legitimoa aldarrikatu nahi izan dute modu horretan.

Lorezainen greba eskubidearen aldeko protesta bezala zenbait lagunek Gasteizko parke batzuetako putzuak berdez tindatu dituzte gaur goizean. LAB eta ESK sindikatuek prentsa ohar batean azaldu dutenez, lorezainek grebarako duten eskubide legitimoa aldarrikatu nahi izan dute modu horretan. "Argi utzi nahi dugu Gasteizko lorezainek ere baditugula marra gorriak, eta ez dugula onartuko horiek gainditzea".

Gasteizko Udalak eskatuta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "langileen aurkako eraso" bezala ulertzen dituzte lorezainek, eta neurri horren aurrean hitzarmen propioa eta lan baldintza duinak lortzeko borrokarekin jarraituko dutela aurreratu dute. "Ez dugu etsiko, nahiz eta batzuk eta besteak higatzen saiatu. Soldata baxuak dituzten azpikontratazio politika horiekin hausteko prest gaude".

Langileen aburuz gutxieneko zerbitzuak ezarriz grebarekin amaitu nahi dute Jaurlaritzak eta udalak, zerbitzu publikoak pribatizatzeko politikak "agerian" uzten ari direlako. "Green Capital markaren atzean hiriaren ikurra zaintzen eta mantentzen dugunon lan prekarietatea ezkutatzen da. Green Capital lan indarkeria da", azpimarratu dute. Halaber, Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziari eta PSE eta EAJ osatzen duten udal gobernuari eskatu diete lan gatazka konpontzeko borondate politikoa, "grebarako eskubideari erasorik egin gabe".

Protestaren testuinguruan, lan egitera behartu dituzten lankideei elkartasuna bidali diete lorezainek, eta era berean, eskerrak eman dizkiote Gasteizko hiriari emandako laguntzagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago