Beste urte batez, rockzaleen topagune bilakatu da Mendizabala, eta ia 50.000 lagun elkartu ditu Azkena Rockek hiru egunetan. Iazko parte hartze antzekoa izan da aurten, eta "musikari historikoen, ahots berrien eta belaunaldi desberdinen arteko elkargunea" izan dela nabarmendu dute jaialdiaren antolatzaileek, Last Tourreko kideek.
Besteak beste, Manic Street Preachersen kontzertua aipatu dute, jaialdiak bizi izan dituen une gogoangarrien artean. "Azkenazaleak konkistatu ditu energiaz eta elektrizitatez beteriko zuzeneko kontzertuarekin; argi erakutsi digute zergatik diren ezinbesteko banda horietako bat rock britainiarrean".
Gehiegi itxaron gabe, hurrengo urteko datak jakinarazi dituzte; ekainaren 18, 19 eta 20an ospatuko da 2026. urtekoa. "Argi geratu da hiru egun hauetan rocka ez dela iragana: oraina da, eta etorkizuna izaten jarraituko du".