Udaltzaingoak 44 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean Gasteizko Lakua auzoko etxebizitza batean. Emazteari genero indarkeria fisikoa eta psikologikoa eragitea egozten diote ustezko erasotzaileari.
Polizia iturrien arabera, emakumeak goizaldeko 03:30ean deitu zuen udaltzaingora etxera joateko eskatuz. Gertakarien lekura iritsi zirenean poliziek emakumea negarrez aurkitu zuten. Biktimak azaldu zuenez senarrak etxetik bota zuen eztabaida baten ondoren, eta kolpe bat ere eman zion telefono mugikorra kentzeko. Gainera senarrak sarritan mespretxatzen eta iraintzen zuela kontatu zien poliziei, eta arratsalde hartan bertan eraso egin ziola.
Poliziek hainbat marka ikusi zituzten emakumearen gorputzean, emakumeak esandakoarekin bat zetozenak. Senarrarekin elkarrizketatu ondoren, atxilotu egin zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.