Olarizuko osasun zentroak 20.000 biztanle baino gehiago artatzen dituela gogoratu dute Gasteizko hegoaldeko auzo elkarteek; Adurtza, San Kristobal, Mendizorrotza, Goikolarra eta Aretxabaleta auzoetakoek. "Egungo zentroa etxebizitza eraikin baten etxabean dago, eta egiturazko mugak dauzka, konfidentzialtasuna eta erosotasuna bermatzea eta herritarrentzako osasun prestakuntzako jarduerak gauzatzea eragozten dutenak".
Baldintza horietan zentroak ez du behar bezalako arreta eskaintzeko gaitasuna, bizilagunen ustetan, eta horregatik aldarrikatu dute osasun zentro berria. "Osakidetzak emandako 2025eko urtarrileko datuek erakusten dute arreta zerbitzuaren kargak nabarmen gainditzen dituela gomendatutako estandarrak, bai Pediatrian, bai Familia Medikuntzan".
Antzeko biztanle kopurua duten Zabalgana eta Salburua zentroekin alderatuta, Olarizuko osasun zentroak presioa handiagoa duela azpimarratu dute auzo elkarteek eta Osasun Publikoa Plataformak, "biztanleria zahartuaz arduratzen delako, eta biztanleria horrek gaixotasun kronifikatuak eta mugikortasun arazoak dituelako". Halaber, jaioberrien kopurua handitu dela esan dute.
Kontzentrazioa
Horrenbestez, irtenbide bideragarria osasun zentro berri "bakar, zabal eta irisgarria" sortzea dela iritzi diote, hiriaren hegoaldeko eremu osoari estaldura integrala emango diona. Hori aldarrikatzeko batu dira Adurtzakoak Auzo Elkartea, Gure Batan Auzo Elkartea, Guztion Goikolarra auzo elkartea, Hegoaldekoak auzo elkartea eta OPA Gasteiz, eta elkarretaratzea deitu dute ekainaren 24an, 19:00etan, Olarizuko osasun zentroan.
Zentro berriak bete beharko lituzkeen baldintzak mahai gainean jarri nahi dituzte mobilizazio horren bitartez, hain zuzen 20.000 pertsona baino gehiagoko biztanleria artatzeko gaitasuna duen zentroa eraikitzea, oztopo arkitektonikorik gabeko instalazioa, irisgarria eta ingurunea errespetatzen duena; profil profesional berriak integratzea, hala nola psikologoak, dietistak edo gizarte langileak; garraio publikoarekiko lotura onak izatea, bereziki BEIrekiko eta tranbiarekiko; larrialdietan azkar ebakuatzeko aukera; eta ingurune naturala errespetatzea: zuhaitzak moztu beharrik ez izatea eta lur kutsatuetan ez eraikitzea.