Mercedesek 300 langile berri hartzea eskaini du plantillaren atsedena errazteko

Erredakzioa 2025eko ekainaren 19a

Maiatzetik ari dira Mercedeseko bi txandak bederatzi orduko lanaldiak egiten. Argazkia: Mercedes

Besteak beste, udazkenean opor aste bat gehiago eman nahi die langileei, bederatzi orduko txandek jasotako kritikak baretzeko. Langileen ordezkariek ez dute oraingoz proposamena onartu.

Gasteizko Mercedes lantegiak 300 kontratazio berri egiteko aukera eskaini dio enpresa batzordeari, langileei atseden hartzeko egun gehiago emateko helburuarekin. Hiru txandetan lan egiteari utzi zioten martxo hasieran, eta hilabete amaierarako bederatzi orduko lanaldia ezarri zuen enpresak goizeko txandarako. Maiatzaren 5etik aurrera, arratsaldeko txanda ere bederatzi orduko lanaldian dabil.

Polemika handia sortu du lanaldia luzatzeko erabakiak. ESK eta UGT sindikatuek salatu egin dute enpresaren neurria, eta oraindik ebazteke daude bi auziok epaitegietan. Kritika hauei erantzunez egin du enpresak urritik aurrera 300 langile berri hartzeko proposamena, horrek ahalbidetuko diolakoan plantillari opor aste bat gehiago eskaintzea urria eta abendu artean. Zazpi opor egun horiek bi zatitan hartu beharrekoak izango dira, hiru eguneko eta lau eguneko oporraldi banatan. Mercedeseko zuzendaritzak aurreratu du 2026. urtean ere oporraldi hauek eskaintzeko konpromisoa hartuko duela, baldin eta bederatzi orduko lanaldia mantendu beharko balute.

Langileen ordezkariek, baina, ez dute oraindik enpresaren proposamena ontzat hartu. Asteartean izan zuten lehen bilera, adostasunik gabea, eta ostiral honetan dira berriz elkartzekoak. Enpresak elkarrizketarako prestutasuna adierazi du, "bi helburuak" lortzera bidean: lantegiaren eraldaketaren programa betetzea, eta langileentzako lan exijentzia murriztea. Aurten 122.634 ibilgailu ekoiztea aurreikusi zuen lantegiak urte hasieran, pandemiatik izandako kopuru txikiena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago