Bost urteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, emakume bat birritan bortxatzeagatik

Erredakzioa 2025eko ekainaren 18a

Erasoen kontrako mugimendu feministaren mobilizazio bat. Argazkia: ALEA

Arabako Auzitegiak frogatutzat jo du 2020ko maiatzaren 29an gizon batek bi aldiz eraso ziola emakume bati, Gasteizko lantegi abandonatu batean.

Arabako Probintzia Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati Gasteizko lantegi abandonatu batean emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Ebazpenean jaso denez, gizonak aitortu zuen bi sexu harreman izan zituztela, baina onartuak izan zirela. Emakumeak, aldiz, hori ukatu egin zuen. Auzitegiak biktimaren bertsioa frogatutzat eman du.

Hala, magistratuek adierazi dutenez, gertaeren kontakizun "murritza baina koherentea" egin zuen emakumezkoak, "denboran eta espazioan kokatuta", eta "gertaeraren mugarri nagusiak zehaztuz". Gaineratu dutenez, ez dute "fabulaziorako" joerarik ikusi, ezta gizonezkoaren aurkako salaketa faltsua eragin lezaketen sasiko motiborik ere. Biktimaren adierazpenak "eskatutako sinesgarritasun testa" gainditzen duela ondorioztatu dute.

Gainera, magistratuek adierazi dute emakumearen kontakizuna berresteko elementuak egon direla, hala nola txosten medikoak, erasoaren ondorio fisikoak eta psikikoak zehazten dituztenak, hasiera batean haren testigantza jaso zuten polizien deklarazioa, eta erasoa gertatu ondoren harekin egon ziren gizarte langileena.

Aldiz, akusatuak ez du "hipotesi alternatibo probablerik eskaini" gertakarien inguruan zalantzak izateko.

Bost urteko espetxe zigorraz gainera, erasotzaileak 25.000 euroko kalte ordaina eman behar dio biktimari, eta beste zigor batzuk ezarri zaizkio: zaintzapeko askatasuna, eta emakumeari komunikatzeko eta hurbiltzeko debekua. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago