Ania Saenz de Buruagaren Guztion jaiak, guztiontzat kartelak iragarriko ditu aurtengo Gasteizko jaiak. Orotara, 57 parte hartzailek aurkeztu dituzte beren proposamenak lehiaketan. Lehen fasean, Arabako diseinuaren arloko bost profesionalek osatutako epaimahaiak bost finalistak hautatu dituzte, eta bakoitzak 500 euroko saria jaso du bere kartela egiteagatik. Bigarren fasean, finalisten bost karteletatik, Ania Saenz de Buruagaren lana aukeratu dute irabazle, eta 2.000 euroko saria eskuratu du.
Saenz de Buruaga Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Unibertsitateko formazioaren ondoren, bere ibilbidea hirugarren sektoreko erakundeen diseinu eta zabalkunde lanetan zentratu du, bere lana mugimendu sozial, aldarrikapen eta ekimenekin lerrokatuz, beti ere gizarte eragin positiboa bilatuz. Besteak beste ALEArako hainbat lan egin ditu.