Erreparazio eskaera bateratua egin dute Martxoak 3 eta San Fermin 78 elkarteek

Erredakzioa 2025ko eka. 18a, 10:10

Iruñean egin dute prentsaurreko bateratua estatu indarkeriaren biktimen elkarteek. Argazkia: Martxoak 3

Espainiako Gobernuari eskatu diote Estatuak eragindako indarkeria aitortzeko. 40 eskaera aurkeztu dituzte bi elkarteen artean.

"Estatu benetan demokratikoa administratu behar duen edozein gobernuk ezin du alde batera utzi bere aparatu errepresiboek giza eskubideei egin diezaieketen eraso oro". Esaldi horrekin ekin diote Martxoak 3 eta San Fermin 78 Gogoan elkarteek Iruñean egindako prentsaurrekoari, eta Espainiako Estatuan dagoen "zigorgabetasun eredu jasanezina" salatu dute.

Estatu indarkeriaren 40 kasu aurkeztu dituzte, modu bateratuan, Espainiako Gobernuak aitortu ditzan. Gasteizen, Tarragonan, Basaurin, Iruñean eta Donostian eraildako pertsonen kasuak aurkeztu dituzte, eta bestelako indarkeria jasandako hainbat kasu. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatu dituzte Estatu indarkeriaren biktima guztientzat.

Espainiako Estatuak duen erantzukizuna aitortzea nahitaezkoa dela adierazi dute, eta zehazki gobernuari eta presidenteari eskatu diete "maila gorenean adierazpen ofizial bat egin dezaten". Bestalde, oraindik indarrean den Sekretu Ofizialen lege frankista aldatzeko konpromisoa eskatu diote.

Franco hil ostean ere Estatu indarkeria "sistematikoki" praktikatzen jarraitu izana leporatu diote Espainiako Estatuari. Adierazi dute 1976an Gasteizen eta 1978an Iruñean egindako krimenak ez direla estrategia errepresiboaren "icebergaren punta" besterik, Franco hil ostean ehunka pertsona torturatu eta erail zituen estrategia. Azaldu dutenez, aurkeztutako biktimei aitortza egiteak bidea zabaldu dezake beste biktima askok zor zaien aitorpen integrala izan dezaten, "ahanzturan dituzten erakundeen aldetik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago