Ostegun honetarako zegoen deituta Hedegile kaleko familia baten etxegabetzea. Gasteizko Udalaren jabetzako etxean bizi ziren lau urteko alaba eta gurasoak, eta etxea uztea erabaki du familiak, Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez.
Udalak familiari presio egin diola salatu du sindikatuak, etxegabetze data baino lehen etxea utzi zezan, eta hala egitekotan bizitoki alternatiba eskainiko ziola. Udalaren eskaintza, sindikatuaren arabera, honakoa izan da: "Hotel bateko gela bakarra, sukalderik gabe eta komun konpartitua solairu horretako beste gela guztiekin. Komunak ez dauka dutxarik." Horren truke 600 euro ordaindu behar ditu familiak hilero.
"Miseriazko alternatiba", Etxebizitza Sindikatuaren esanetan. Familia bera ere kexu agertu da, argudiatuz "hoteleko gela bat ez dela ume bat zaindu eta hezteko tokia", eta udalak ez diola benetako bizitoki alternatiba bat eskaini. Sindikatuak gaitzetsi du familia hotel batera bidali izana, "etxe horretan bertan erregularizatu beharrean".
Beste bi familia daude antzeko egoera Gasteizko Alde Zaharrean, 21 Zabalgunea udal hirigintza elkartearen jabetzako etxeetatik etxegabetuak izateko arriskuan. Apirilerako deitua zegoen etxegabetze horietako bat, baina sindikatuaren laguntzaz atzeratzea lortu zuten, eta etxean jarraitzen du familiak, baina berriz heldu liteke etxegabetzea. Bigarrenak ez du data zehatzik oraindik.