Parke handien mantentze lanak egiteko agindua eman du Jaurlaritzak

Erredakzioa 2025eko ekainaren 17a

Gasteizko lorezainek greban jarraitzen dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zortzi parketan esku hartzeak egin beharko ditu Enviserrek. Artolazabalek dio greba eskubidea errespetatzen dutela, baina segurtasuna tartean dela. 

Gasteizko berdeguneen mantentze lanez arduratzen den Enviser enpresari gutxieneko zerbitzuak berehala aktibatzeko agindu dio Jaurlaritzak, parke eta lorategien greba mugagabearen ondorioei aurre egiteko. Hala, sei parke handitan (Aranbizkarra, Arriaga, Katedrala, Florida, Iparralde eta San Martin) sega eta garbiketa lanak egingo dira, eta Judimendi eta Prado parkeen perimetroetan eta beste berdeguneetan ere egin beharko dira garbiketak. 

Espazio Publikoko Gasteizko zinegotzi Beatriz Artolazabalek erabakia txalotu du. "Gure helburua  ez da ohiko zerbitzua ordezkatzea, ezta erabat errespetatzen dugun lan gatazka batean interferitzea", argudiatu du. "Aldiz, gutxieneko baldintza batzuk bermatu behar ditugu, hainbat arrisku saihestu aldera: suteak, erortzeak, zaborren pilaketa edota higiene arazoak eremu sentikorretan". 

Suhiltzaileen eta Trafiko Zerbitzuaren txostenen oinarrian hartutako erabakia izan dela dio udalak. Izan ere, suhiltzaileen txostenak udaberriko euriengatik gehiegi hazitako landarediak sute arriskua sortzen duela ohartarazi du, udan lehortzean erregai sukoi bihurtzen baita. Trafiko Zerbitzuak, berriz, landarediak seinaleak, semaforoak eta oinezkoen bideak oztopatzen dituela adierazi du, arrisku egoerak sortuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago