Gasteizko tren geltoki berritua prest egongo da 2030erako

Erredakzioa 2025eko ekainaren 16a

Geltokia berritzeko proiektuaren irudiak zabaldu ditu udalak. Argazkia: Gasteizko Udala

2027 amaieran hasiko dira berritze lanak. Trenbidea lurperatzeko lanek ez dute hasiera datarik, eta hamabost edo hogei urte barru amaituko direla adierazi dute.

Gasteizko tren geltokia berritu egingo dute, egungoa handituta, eta 2027 amaieran hasiko dituzte lanak, Jose Antonio Santano Espainiako Gobernuko Garraio idazkariak iragarri duenez. 2030. urterako espero da amaituta egotea geltoki berria, eta garai horretan espero da abiadura handiko trenaren bidaiariak Gasteiza iristen hastea.

Tren geltokia berrituko bada ere, egungo eraikina mantentzea da asmoa, baina handituta. Egun 300 metro karratukoa den atariak 2.000 metro karratu izango ditu berritzean, iragarri dutenez. Nasak eta eskailera mekanikoak hobetuko dituzte, eta lotura hobeak jarriko dituzte bi aldeetara, bai Dato kalera zein unibertsitateen zonaldera.

Gasteizko tren jarioa arintzeko proiektu bat ere iragarri dute, merkantzia-trenak hiriaren kanpotik igarotzeko aukera emango duen bypass bat eraikitzea. Bestalde, trenbidea lurperatzeko lanak aurreikusten badira ere, oraindik ez dute data finkorik. Geltokia berritu eta beste hamar edo hamabost urte itxaron beharko dira horretarako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago