Gaur jakin izan denez, iragan larunbatean, ekainaren 7an, Malagan gizon batek hil zuen 50 urteko emakumezkoa gasteiztarra da, eta hain zuzen Ariznabarreko taberna batean egin zuen lan denbora batez. Espainiako Poliziak 47 urteko gizona atxilotu du eta gertatutakoa ikertzen ari da.
Espainiako Berdintasun Ministerioak indarkeria matxista gisa baieztatu du hilketa. Azaldu dutenez, ustezko erasotzailea ez zegoen Genero Indarkeria Kasuetarako Jarraipen Integraleko sisteman altan emanda, baina biktimaren arreba gizonaren aurkako salaketa jartzen saiatu zen 2023an.
Kontzentrazioa igandean
Emakume hori Ariznabarra auzoko taberna bateko zerbitzaria izan zen duela hilabete batzuetara arte. Horregatik, hainbat eragile eta Ariznabarreko auzokideak batu dira erailketa matxista salatzeko eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko mezua zabaltzeko. Elkarretaratzea igande honetan egingo dute, 12:00etan Ariznabarreko Pistas Negras parkean.
Polizia iturrien arabera, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu zuen identifikatzen ari zirenean. Hilketa matxista Velez kaleko zelai batean gertatu zen; tokia oso gutxi ibiltzen den zelai bat da, argiztapenik gabe eta Marbella eta Malaga lotzen dituen errepidearen gasolindegi baten atzean. Emakumea hilabete zeraman Marbellan bizitzen, eta polizia iturrien arabera, ustezko erasotzailearekin bizi omen zen kalean, eta auto batean egiten zuten lo.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.