'Zizaia' ilustrazio eta autoedizio jaialdia larunbatean Errekaleorren

Erredakzioa 2025eko ekainaren 13a

Edonor hurbiltzeko moduko ilustrazio tailerrak izango dira Errekaleorren. Argazkia: ALEA

Ibilbide luzeko ilustratzaileak, hasiberriak, eta hasi gabeak ere bildu nahi dituzte Gasteizko auzo okupatuan, lehen aldiz egingo duten ilustrazio jaialdian. Tailerrak, erakusketak, kontzertuak eta beste hainbat gauza antolatu dituzte.

Larunbatean Errekaleor auzoan ospatuko da Zizaia, ilustrazio eta autoedizio jaialdia. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta helburu gisa jarri dute elkargune bat izatea hasiberriak diren artisten eta ibilbide artistiko luzeagoa dutenen artean.

Errekaleor Bizirikeko kide diren Mai Nafarrate eta Mad Morenorekin hitz egin dugu, eta haiek azaldu digute edonor hurbiltzeko moduko jaialdia antolatu dutela. "Batzuetan beldurra ematen du ezer jakin gabe joateak halako tailerretara, lekuz kanpo sentituko garelakoan, artistentzako bakarrik izango delakoan". Kontrara, pertsona guztientzat irisgarria izango den jaialdia bilatu dute, haur zein heldu, eta 6 urtera jaitsi dute parte hartzeko gutxieneko adina.

Goizeko 10:00etan hasiko da Zizaia, ilustrazio azoka batekin, eta 20:30ak arte egon dira bertan 30 artista inguru, Euskal Herri zein atzerrikoak. Pop-up tailerra ere izango da goizean bi ilustratzaileren eskutik, liburuak irekitzean hiru dimentsiotan ateratzen diren irudi horiek egiteko ikastaroa. Goizean zehar postu interaktiboak egongo dira, txapak egiteko, sprayekin irudiak egiteko... eta mural bat ere aurkeztuko dute, Samir Floresen omenez, duela sei urte Mexikoko poliziak akabatu zuen militantea goraipatzeko. Goizean zehar bertan arituko da artista gasteiztar bat pareta margotzen, bisitariek prozesua ikustera hurbiltzeko aukera izan dezaten, eta eguerdian aurkeztuko da murala, Floresen kidea izan zen Errekaleorreko auzokide baten eskutik.

Goian aipatutakoak Errekaleorreko pasealekuan izango dira, kalean, baina gune ezberdinak izango ditu Zizaia jaialdiak. Auzoko zineman erakusketa bat izango da, Rurru Mipanochiaren Breve acercamiento a sexualidades precoloniales. Goiz eta arratsalde egongo da buklean ikusgai, eta 17:00etan izango da aurkezpen ofiziala.

"Ez duzunean zuk editatzen, lotuta zaude argitaletxeak liburuarekin egin nahi duena egitera"

Hiru tailer ere izango dira arratsaldean. Batetik, metalezko plantxa gainean grabatuak egiteko tailerra. Bestetik, Urban esketxing, kaleko arkitektura zuzenean kopiatzen ikasteko tailerra, eraikin ezberdinak "gaztetxifikatuko" dituzte, eliza bat marraztu eta gune okupatu bilakatzea, adibidez. Azkenik, aire zabaleko margoketa tailerra egingo dute, artista ugari batera margotzen egon daitezen, bakoitza bere teknika eta materialekin. Azaletik azalera laburmetraiaren aurkezpena ere izango da arratsaldean. Bertan, Mel Arranzek bere lana aurkeztuko du. Bazkaria ere izango dute, musikaz lagunduta.

Autoedizioaren balioa

Antolatzaileek jakinarazi dute Mazoka eta Bala, Gasteiz eta Bilboko ilustrazio jaialdiak dituztela erreferente gisa, baina faltan botatzen zutela herri mugimenduaren espazio batean egotea halako ekimen bat, xumeagoa izanda ere. Mazokan egondako artista ugari izango dira larunbatean Errekaleorren haien lanak saltzen, baina baita hasiberriak diren hainbat artista ere, eta denetariko salneurriak iragarri dituzte. "Ez dugu zalantzan jartzen zer balio daukan pertsona baten lanak, baina badago jendea ezin duena bere etxea apaindu 80 euroko ilustrazioekin". Lan eskuragarriagoak ere eskaini nahi izan dituzte.

Autoedizioari balioa eman nahi izan diote Errekaleorreko kideek. "Zuk etxean egiten duzuna kalera ateratzeko tresna bat da, eskuragarri egiteko, argitaletxe handietan galdu gabe". Garrantzia eman diote norberak bere lanari balioa emateari, eta auzoko zutabeetako bat den autogestioarekin lotu. Argitaletxe handiekin lan egiteak abantaila batzuk dakartzala diote, diru aldetik eta zabalpenerako erraztasun aldetik, baina arriskuak ere badituela ohartarazi dute. "Zure liburua ez duzunean zuk editatzen, lotuta zaude argitaletxeak liburuarekin egin nahi duena egitera, non saldu behar duzun, non egin ditzakezun aurkezpenak... autoedizioarekin askeagoa zara. Zuk benetan sortu nahi duzuna egin dezakezu, ez duzu egin behar besteei gustatzeko".

Larunbatean auzora gerturatzeko deia egin dute, eta aurreratu dute, lehen edizioa bada ere, ideia mordoa gelditu zaizkiela gordeta bigarren edo hirugarren jaialdia egiteko. Modu xumean hasi badira ere, Errekaleor Euskal Herriko ilustratzaileen mapan kokatu asmo dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago