Gasteizko Udala familia bat etxegabetzekoa da datorren astean

Erredakzioa 2025eko ekainaren 12a

Apirilerako deitua zegoen beste etxegabetze bat gelditzea lortu zuen sindikatuak: Argazkia: Etxebizitza Sindikatua

Adingabeak dituzten hiru familiaren aurkako prozedurak ditu abian udalak. Lehen etxegabetzea atzeratzea lortu zuen Etxebizitza Sindikatuak; bigarrenaren data heldu da, datorren ostegunerako.

Ekainaren 19an familia baten etxegabetzea dago programatuta, Gasteizko Alde Zaharreko Hedegile kalearen 70. zenbakian. 21 Zabalgunea Udal Hirigintza elkartearen jabetzakoa da etxea, eta bertan familia zaurgarri bat bizi dela jakinarazi du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, lau urteko adingabe bat barne.

Sindikatuak martxoan iragarri zuen udalak hiru prozedura abiatu zituela, bere jabetzako etxeetan bizi ziren hiru familia zaurgarri kaleratzeko. Lehen etxegabetzea apirilaren 23rako zegoen deituta, baina atzeratzea lortu zuten, eta oraindik etxe hartan bizi da familia.

"Aurrekoarekin egin bezala", etxegabetze hau geldituko dutela adierazi dute Etxebizitza Sindikatutik, eta ekintza judizialak martxan jarri dituztela jada atzeratzea lortzeko. Salatu dute udalak "ez duela zalantzarik egiten familia zaurgarri bat eta lau urteko ume bat kalean uzteko momentuan". Gainera, ohartarazi dute etxegabetze honetan bederatzi egun besterik ez direla pasako familiari jakinarazpena heldu zitzaionetik etxegabetze egunera arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago