Gasteizko estolderien garbitzaileak ere grebara doaz

Erredakzioa 2025eko ekainaren 11

Amvisak azpikontratatutako Sacyr Aguas enpresako plantilak greba egingo du datorren astean, "soldata duinak" eskatzeko.

Lan gatazka berria du Gasteizko Udalak, azpikontratatutako enpresa batekin, beste behin. Lorezainek greban bi hilabete eta erdi bete dituztenean, estolderien garbiketaz arduratzen diren langileek greba egingo dutela iragarri dute, "enpresako hitzarmena" eskatzeko eta "Euskal Herriko bizi mailara egokitutako soldata duinak" lortu asmoz. Azken asteotan lanuzte partzialak egiten aritu dira, eta greba osoko egunak deitu dituzte orain ekainaren 16tik 20ra.

Amvisak, ur sistemaren kudeaketarako udal enpresak azpikontratatzen du Sacyr Aguas enpresa estolderien kudeaketa egiteko. Amvisako presidentea Pascual Borja da, garbiketa zerbitzuen ardura duen PSEko zinegotzia, eta adierazi du "errespetu osoa" diela lanuzte eta grebei, langileen eskubideak direlako, eta negoziazio mahaiei ere errespetua diela, enpresa eta langileen arteko gatazkak konpontzeko bide gisa.

Negoziazioak, baina, blokeatuta daudela salatu du LAB sindikatuak. 2024. urtetik omen dabil plantilla enpresarekin negoziatzen, baina ez da emaitzarik lortu. Enpresak egindako eskaintzak ez dira nahikoa izan langileen esanetan, baina elkarrizketarako prestutasuna izaten jarraitzen dutela adierazi dute. Enpresako hitzarmen propioa eskatzen dute, lan baldintzak hobetuko dituena, eta bestelako hainbat neurri ere eskatu dituzte, esaterako laguntza ekonomikoa hobetzea aldi baterako ezintasun garaietan.

Bitartean, Enviser enpresako lorezainek greba mugagabean jarraitzen dute, martxoaren 26tik. Araba Euskaraz jaialdia lekuz aldatu behar izan dute, greba luzatu izanak eragin duelako ezin izatea Olarizuko zelaiak jaialdirako erabili. Lorezainentzako gutxieneko zerbitzuak eskatu zituen Udalak joan den astean, eta Jaurlaritzak erabakia hartzeko zain daude. Langileen ordezkariek helegitea jarri zioten gutxieneko zerbitzuen eskaerari. Gaur, asteazkena, bilduko dira berriz ere Enviser enpresa eta langileen ordezkariak, negoziazio mahaian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago