Nafarroako Errege-erreginen kaleko 28. zenbakian, oihalean jarri behar duten No hay presente ni futuro sin memoria / Egiaren mesede jarrai eta ekin horma irudiaren erreplika eta gaurkotzea margotzen hasi dira. 180 metro karratuko azalera izango duen oihalaren gainean hasi dira pintatzen, Veronica Werckmeister artistak Zaramagan duen tailerrean.
Erreprodukzioak jatorrizko horma irudia ordezkatuko du, Zaramaga auzoko eraikin horretako fatxadan. Izan ere, eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko lanak egin dituzte bertan, eta aireztatutako fatxada berriaren gainean instalatuko dute jatorrizko artelana erreproduzitzen duen oihala.
Hasierako horma irudia Javier Hernandez Landazabalek zuzendutako kolaborazio lan baten bitartez egin zuten. 2013an egin zuten, 1976ko martxoaren 3ko gertaeren biktimei omenaldia egiteko. Jatorrizko horma irudiaren zuzendariarekin batera, Werckmeister dabil erreprodukzioaren lanen buru.
Pintaketarekin hasi baino lehen, auzokideei irekitako saio parte hartzaileak egin dituzte Iparralde Gizarte Etxean. Bertan, diseinua eguneratzeko edo hobetzeko proposamenak jaso dituzte, "jatorrizko horma irudiaren muina eta mezua mantenduz", sustatzaileen arabera. Horren ondorioz, diseinua aldatu dute behealdean, "baina lan osoaren esentzia kontserbatu" egin dela diote.