Gasteizko Udalak gutxienezko zerbitzuak eskatu ditu lorezainen grebarako

Erredakzioa 2025ko eka. 6a, 21:09

Parkeen egoera arriskutsua dela argudiatu du Gasteizko Udalak. Argazkia: ALEA

Eusko Jaurlaritzari egin dio eskaera, "parke eta lorategietan osasungarritasuna eta segurtasuna bermatzeko". Hainbat zeregin zehatz proposatu ditu greban dauden lorezainentzat.

Gasteizko Udalak Jaurlaritzari eskatu dio lorezainei  agindu diezaiela gutxieneko zerbitzuak egiteko parke eta lorategien mantenuan. 72 egun bete ditu lorezainen grebak, eta eraginak nabariak dira hiriko hainbat txokotan, eta horrek eraman du udala segurtasun eta osasun arrazoiak argudiatzera gutxieneko zerbitzuak eskatzerakoan. Jaurlaritzaren erantzunaren zain gelditu da udala.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziak adierazi du langileen grebarako eskubidea "ulertu eta errespetatzen" dutela, baina herritarren segurtasuna bermatzeko betebeharra dutela. Argudiatu du sute arriskua areagotzen duela soropila luze egoteak, eta bidegurutzeetan ikusteko gaitasuna urritzen duela. 

Jaurlaritzari eskatutako gutxieneko zerbitzuen artean proposatu dute "eremu kritikoetan" hiru mozketa egitea, ekaina amaieran, uztaila amaieran, eta iraila amaiera inguruan azkena. Belar sastrakak garbitzea ere eskatu dute "ohiko erabilerako eremuetan eta naturalizatuagoetan", garbiketa baldintzei eusteko. Asteburuetan paperontziak hustea proposatu du hiriko zortzi parke handietan, baita lanegunetan bilketa gehigarri bat egitea ere; astero bideetako zorua garbitzea, hondakinak eta gorotzak biltzea eta xiringak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzuarekin jarraitzea.

"Arrazoizkoak, proportziozkoak eta soilik funtsezkoan zentratuak" dira egindako eskaerak, Artolazabalen esanetan, eta ez dute grebarako eskubidea oztopatzen. Ez du iritzi bera Jabier Saenz ESK sindikatuko lorezainen ordezkariak. "Ez dago osasun publikoaren kontrako ondorio latzik, eta greba eskubidea bermatu behar da", adierazi du. Udala eta enpresari albo batera begira jarraitzea egotzi die, akordioa bilatu ordez "gutxieneko zerbitzuen atea jotzen" aritzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago