Arabako euskararen biziberritzearen testigantzak bildu ditu Euskaltzaindiak

Erredakzioa 2025ko eka. 6a, 12:10

Erakundeen ordezkariak eta biziberritzearen protagonistak elkartu dira Aldundiaren egoitzan. Argazkia: ALEA

60 eta 70eko hamarkadetatik eginiko bidea aztertu dute, eta bideoan jaso dituzte garaiko protagonisten hainbat lekukotza. Euskaltzaindiaren webgunean daude jadanik ikusgai.

Euskaltzaindiak Arabako euskararen biziberritze prozesua ikertu nahi izan du, egindako bidearen lekukotzak jaso eta hurrengo belaunaldiei transmisioa errazteko. Hamabi lagun elkarrizketatu dituzte, 60-70eko hamarkadetatik hona egindako bidean parte hartu dutenak, era batera edo bestera, eta sei bideotan bildu dituzte haien bizipenak. Gainera, Arabako bilakaerari buruzko lan estatistikoa egin du Iñaki Iurrebasok, Euskaltzaindiaren eskariz.

Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) izenburupean bildu dituzte testigantzak, eta Iurrebasoren lanarekin batera ikusgai daude Euskaltzaindiaren webgunean. Arabako Foru Aldundiarekin hitzarmena egin zuen iaz Euskaltzaindiak, ekimenari hiru helburu jarrita: biziberritzearen historia sistematikoki biltzea, informazioa sistematizatu eta artxiboa osatzea eta xede hezitzailearekin gizartean zabaltzea, bereziki belaunaldi berrietan. 2027ra arte luzatuko da egitasmoa.

Aurkezpenean egon dira Iñaki Martinez de Luna, EBA egitasmoaren zuzendaria, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren ordezkaria eta Iñaki Gurtubai Aldundiko Euskara diputatua. Eskerrak eman dizkiote elkarri proiektua posible egiteagatik, eta azaldu aitortza egin nahi izan dietela euskarak lurraldean izandako hobekuntzaren protagonistei. "Zuek gabe ez litzateke oroimenik egongo" esan die Martinez de Lunak aurkezpena ikustera joan diren parte hartzaileei.

Testigantzak ikusgai

Ordu eta erdi inguruko sei bideo izan dira bilketaren lehen fase honen emaitza nagusia, eta webgunean zintzilikatu ditu jada Euskaltzaindiak. Nabarmendutako pasarteekin bideo motzak ere ondu dituzte, irisgarriago egin asmoz. Datorren urtean elkarrizketak egiten jarraitzekoak direla azaldu du Martinez de Lunak, bereziki Arabako kuadrillei begira jarriko direla, Gasteizen beste elkarrizketaren bat egingo badute ere.

Orain arte egindako elkarrizketetan agertu dira Maria Jesus Aranguren, Pili Aristizabal, Koldo Biguri, Pako Eizagirre, Kepa Enbeita, Rafa Etxegarai, Rikardo Gonzalez de Durana, Lurdes lekuona, Kepa Mendia, Maite Mendiburu, Felix Razkin eta Blanca Urgell. Jasotakoekin, eta Iurrebasoren lana gehituta, "datu base sendoa" osatu nahi dutela adierazi du Martinez de Lunak, ikertzaileentzako baliagarri izan dadin.

"Ilusioa eta gogoa"

Bildutako lekukotzetatik nabarmentzeko elementuez galdetuta, "ilusioa eta gogoa" aipatu ditu Martinez de Lunak, horiek dira biziberritze prozesuan parte hartutakoek gehien errepikatutakoak, garaiaren isla. Egungoarekin alderatuta bi horietatik gutxiago ikusten dela adierazi du soziolinguistak. "Historian beti daude boladak, ondo jakin gabe zergatik piztu edo zergatik baretzen diren". Egun kezka lausotua dagoela dio.

"Heziketa soziolinguistiko sendoa" faltan bota du Martinez de Lunak. Gazteek euskaraz badakitela, baina eduki formaletan daudela ohituta. "Fisikari buruz bikain hitz egingo dute, baina lagun artean ez dakite hitz egiten". Asko nabaritzen omen da hurbileko hizkuntzaren falta, eta asko zailtzen duela horrek egoera.

Dagoen pertzepzioaz ere aritu da Martinez de Luna. "Uste da dena eginda dagoela, baina euskara egoera delikatuan dago, ahalegin berezia egin behar da. Baldintza guztiak kontra dauzkagu, jendea ez da konturatzen".  Baikor hartu du, hala ere, Jaurlaritzak institutu berri bat sortu izana, soziolinguistika hezkuntzan txertatzen joateko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago