June Fernandezek eta Pilar Rodriguezek Ikerketa Feministaren V. Lehiaketaren proiektuak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2025ko eka. 6a, 09:55

Ostegunean aurkeztu zituzten lanak Gasteizko Emakumearen Etxean. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Fernandezek kontranarratibak ikertu ditu Euskal Herriko disidentzia sexual eta kulturaletatik. Rodriguezek trans identitateak aldarrikatzen dituzten lau lan zinematografiko ikertu ditu.

Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak deitutako Ikerketa Feministaren V. Lehiaketako lan irabazleak aurkeztu dituzte asteon. "Deialdi honen bidez, Berdintasun Zerbitzutik ahotsa eman nahi diegu ahalduntze feministako esperientziak islatzen dituzten ikerketa lanei edo emakumeen eta Gasteizen arauz kanpoko orientabideak, adierazpenak eta genero identitateak dituzten pertsonen eskubideen aldeko gizarte eraldaketari ekarpenak nola egin planteatzen dutenei", adierazi du Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak.

June Fernandez Casetek kontranarratibak ikertu ditu Euskal Herriko disidentzia sexual eta kulturaletatik, "horien ikuspegitik adierazpen kultural sexualizatuez berriro jabetzea sexu askatasuna berresteko eta arau eta esparru moral zisheteropatriarkalen eta mendebaldekoen aurka egiteko modu bat baita". Bere ikerketak argitalpen izaera gainditu eta tresna eta jarduera erabilgarriak gizarteratzea du helburu, Euskal Herriko gune ekintzaile, kultural eta erlazionalen genealogia moduan.

Pilar Rodriguez Perezek fikzioa, dokumentala eta animazioa "nortasun normatibo bitarrak zalantzan jartzeko eta trans identitateak aldarrikatzeko" erabiltzen dituzten lau lan zinematografikotan agertzen diren aldarrikapen feministak aztertu ditu. Iraganean ere arakatu du, "emakumeen lorpen kultural, sozial, artistiko, zientifiko eta filosofikoak ikusezin bihurtu dituzten kanon patriarkalaren aurreiritziak eta estereotipoak agerian uzteko".

Bi lanetako bakoitzak 4.800 euro jaso ditu, eta ikertzaileek 2024ko azarotik 2025eko maiatzera garatu dituzte. Horretarako, Ixone Fernandez de Labastida EHUko AFIT-Antropologia Feminista Ikertaldea taldeko ikertzailearen laguntza izan dute.

Epaimahaia hauek osatu dute: EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Masterraren kide batek, Hezkuntza Zerbitzuko ordezkari batek eta Berdintasun Zerbitzuko kide batek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago