Frontera Sur marka erabilita migratzaileei buruzko kartelez bete ditu Voxek Gasteizko hainbat txoko. 2039an "bertakoak" baino etorkin gehiago egongo direla diote karteletan, "txapela baino burka gehiago", "pintxo baino kebab gehiago" eta "Idiazabal baino halal gehiago" bezalako mezuekin. "Ordezkapen handiaren" teoria zabaldu nahi izan dute kartel hauen bidez.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak gaitzetsi egin ditu mezuok, eta iragarri du Udaltzaingoari agindu diola kartel hauek ikertzeko, ustezko gorroto delitu gisa, ondoren fiskaltzari bidaltzeko. Elkarbizitzaren aurkako diskurtsoak direla adierazi du, eta "arrazakeriarekin zero tolerantzia" izateko deia egin.
Gutxi iraun dute baina, kartelek. Kanpaina publiko egin eta gutxira desagertzen joan dira Gasteizko kaleetatik, herritarren ekimenez. GKS antolakundeak publiko egin duen bideo batean ikusten da nola kendu dituzten kartel batzuk, eta arrazakeriaren aurkako mezuak zabaldu dituzte, "gerraren eta faxismoaren aurka antolatu" lelodun kartelak jarrita besteen lekuan.
Vox Espainiako Estatuan egiten ari den kanpainaren parte dira Gasteizko kartel hauek. Rocio de Meer, Voxen "Larrialdi demografiko" eta Gizarte Politiken arloko bozeramailea Gasteizen izan zen atzo, eta berak iragarri zuen alderdi ultraeskuindarrak "ekintza sorta bat" abiatu duela "muga berreraikitzeko".