Gasteizko Alde Zaharreko osasun zentro berria babes-etxe zaharrean kokatuko da, eta auzo horretako bizilagunei, eta Koroatze eta Zabalgunekoei ere emango die zerbitzua, 30.000 laguni. Egungoa baino zabalagoa den espazio bat izango da, San Vicente de Paul kalean, gaur egun San Prudentzio adinekoentzako eguneko arretako zerbitzuaren atzeko eraikinean.
Gasteizko Udalarekin lortutako akordioaren arabera, Osakidetza arduratuko da zerbitzu hori beste kokaleku batera eramateaz eta beharrezko eraberritze lanak egiteaz. Osakidetzak 13,1 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du, eta 2030erako prest izango dela aurreratu dute.
Alberto Martinez Osasun sailburuak esan du osasun zentroa prestatzeko zereginek denbora, lana eta, ziurrenik, "pazientzia" beharko dutela, baina konpromisoa hartu du San Prudentzio AMIAren eguneko arretarako udal zentroa, lehenik, eta hiriko Alde Zaharreko osasun zentroa, bigarrenik, babes-etxe zaharraren eraikinera egokitzeko.
Maider Etxebarria alkateak, bere aldetik, akordio hori "lehen urratsa" da auzoak epe ertainean osasun zentro moderno, zabal eta irisgarri berri bat estreinatzeko. "Lan asko dago aurretik, baina gaur lanaren konplexutasunagatik egun gehiegi luzatu den kontu bati hasiera emango diogu".